Imanol Pradales lehendakariak Euskadiko Kontsulatuen Kidegoko ordezkariak hartu ditu Ajuria Enean, Eusko Jaurlaritzako beste kargudun batzuk bertan zirela.
Bere hitzaldian, Euskadik Europar Batasunean duen funtsezko papera aldarrikatu du Pradalesek. "Gurea bezalako herrialdeak eta lurraldeak funtsezkoak gara espezializazioaren eta berrindustrializazioaren potentziala aprobetxatzeko, baliabideak modu eraginkorragoan bideratzeko, eta hurbiltasunetik herritarren aurrean Europako proiektua sendotzeko", aurreratu du lehendakariak, Makroeskualde Atlantikoaren proiektua eta EBn euskararen ofizialtasunaren defentsa nabarmenduz.
"Demokrazia gehiago, Euskadi gehiago eta Europa gehiago. Hori da Euskadi Globala errealitate bihurtu nahi dugun hirukoa ", berretsi du lehendakariak Kidego Kontsularraren aurrean.
Egoera horretan, "Europa batuagoa eta indartsuagoa behar dugunean, kontrakoa ikusten ari gara. Egonkortasuna erakutsi beharrean, Europa gero eta ezegonkorrago agertzen ari da ", deitoratu du lehendakariak. Ildo horretan, Pradalesek ez du zalantzarik izan Frantziako Gobernuaren erorketaren ondoren duen kezka agerian uzteko. "Frantziako Estatuak aurre egin behar dion gobernagarritasun-krisi sakonak aldakortasun handiagoa gehitzen die kontinenteko egoera politikoari eta Europako ekonomiari, eta eragin zuzena izan dezake gure ekonomian edo euskal agendako proiektuetan, hala nola Abiadura Handiko Trena kontinentera konektatzeko proiektuetan", aitortu du.
Hori dela eta, Lehendakariak "multilateralismoaren" alde egin du, "iparralderantz eta hegoalderantz aliantza transatlantikoak indartzeko beharraren alde, interes komun historikoetan sakonduz eta berreratzen ari den mundu batek irekitzen dizkigun aukera berrietan sakonduz", eta ziur agertu da "sakondu ez dugun geografietan, Afrikan, Asian eta Ekialde Ertainean, etorkizuneko aukerak dauden geografietan aliantza berriak" ehuntzearen beharraz.
Euskadiren nazioarteko dimentsioa indartzeko Jaurlaritzak dituen lan-ildo nagusiak partekatu ditu Lehendakariak. Horrela, Euskadik Europar Batasunean duen paperaz gain, Pradalesek beste bi ildoak aletu ditu, 2030 Agendari eta Euskal Diasporari buruzkoak.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea