Lehendakariak eskatu du estaturik gabeko nazioek pisua izan dezatela Europaren birsortze industrialean eta demokratikoan, hura baztertzen duten potentzia globalen aurrean; baita balioak defendatzea; ituntzeko espiritua, demokrazia liberala edo boterearen banaketa justu eta eraginkorragoa

Argitalpen-data: 

Euskadik “guregan eragina duten” erabakiak hartzen diren nazioarteko mahai guztietan izan behar duela aldarrikatu du Lehendakariak, Bartzelonan, bai eta Europan “lehen mailako” eragile politikoa izateko gaitasuna ere.

“Estaturik gabeko nazioak aintzat hartzea aldarrikatzen dut”, adierazi du, areago, gaur egungo garaiotan, non, Imanol Pradalesek gogorarazi duenez, erradikalismoak, polarizazioak eta blokeen politikak “ikuspegi ideologiko jakin bat inposatzen” saiatzen diren, horrela, “bigarren mailako sukurtsal” bihur gaitezen, “boterearekin itsututa dauden munduko potentzien” zerbitzura.

“Euskadi, itunak lortzeko arima Europaren berpizkundean” izenburupean, Imanol Pradales Lehendakaria elkarrizketatu dute, La Vanguardia egunkariak antolatutako ‘Foros de Vanguardia’ delakoan, egunkari katalan horretako zuzendari ondoko Enric Julianak, RAC1en Madrileko ordezkari Jordi Armenterasek eta Godó Taldearen Harreman Instituzionalen zuzendari eta kazetari Ramon Rovirak.

Irekiera hitzaldian, Lehendakariak bere kezka azaldu du −Kataluniako enpresen, ekonomiaren eta politikaren ordezkari ugariren aurrean−; izan ere, “ezegonkortasunak” baldintzatzen duen “garai berri bat” jaio da eta horrek eragina dauka Europa modernoaren sorrerako oinarri eta balioetan.

“Azkenengo gertakari geopolitikoetan sumatzen denez, planetaren potentzia handien artean, elite agintari batzuen kasuan, pentsamendu inperialak antzematen dira, azken hamarkadetan nagusi izan den alde anitzeko ordena liberalaren gainetik”, adierazi du.

Tarteka gizarteak eskatzen duen berehalako “konponbide magikorik” ez dagoela jakitun, Lehendakariak defendatu du, gaur gaurkoz, ez dagoela “eredu eraginkor eta justuagorik Europako demokrazia liberalarena baino.”

Testuinguru honetan, Pradalesek “gu garen horretatik” erantzuteko sasoia dela hausnartu du. “Orain da momentua. Garaiz gabiltza. Erreakzionatu egin behar dugu, baina orain egin behar dugu”, berriz ere nabarmendu du.

Lehendakariaren arabera, Europaren aldeko defentsa honetan bat egiten dute Euskadik eta Kataluniak; izan ere, “bi herriotan ondo baino hobeto dakigu kanpora ateratzetik partidua kanpoan jokatzera igaro behar dugula”. Baita instituzio eta Autogobernu eredu propioa defendatzeagatik ere. “Europaren garai berri bati ekingo diogun honetan, ezin gara periferian geratu. Botere-banaketan ardaztutako eredu bat behar dugu, justuagoa eta eraginkorragoa”, azaldu du.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea