Europako Batzordeak bi urtean behin egiten duen Regional Innovation Scoreboard berrikuntza adierazleen eskualdeko txostenaren arabera —EB osatzen duten estatuetako lurralde guztietako berrikuntza-maila neurtzen du—, Euskadik berriro ere oso datu positiboak eskuratu ditu.
Euskadi “strong innovator” (berrikuntza handikoa) da, eta goitik hasi eta bigarren multzoan dago. Europako Batasuneko batez besteko berrikuntza-maila gainditzen du; % 108,1ekoa da.
Europako Batzordearen arabera, “pocket of excellence” (bikaintasun-poloa) da Euskadi, berrikuntza moderatuko estatuan berrikuntza handiko lurraldea delako. Hori Europako beste 10 lurraldetan baino ez da gertatzen.
EB osatzen duten 241 eskualdeetatik, Euskadi 81. postuan dago. 8 maila jaitsi ditu; RIS 2023 argitaratu zenean 72. postuan zegoen.
“Euskadik berrikuntza handikoa izaten jarraitzen du, baina erritmoa zertxobait moteldu du. Ahalegin handiagoa egin behar da. Oso posizio ona dugu, baina mailak igotzen jarraitu nahi dugu, EBko herrialde aurreratuenen arten lider izateko berrikuntzan. Ez dugu nahi beste hobetu, eta badakigu herri honen eta bere industriaren lehiakortasuna berritzeko ezinbestekoa dela berrikuntzaren abangoardian egotea. Ezin gara lasaikerian erori, berrikuntzaren aldeko apustua hobetzen eta berritzen jarraitu behar dugu”, berretsi dute Mikel JauregiIndustria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak positiboki baloratu du Euskadiren egoera EBrekin alderatuta. “Gure helburua da berrikuntza handieneko Europako herrialdeen goi-mailako taldean kokatzea, eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu. Autoexijenteak gara eta adierazle guzti-guztiak aztertuko ditugu horietan hobetzeko. Hainbat kategorietan hobetzeko aukera dugu, eta horretan ari gara lanean”, esan dute bi sailburuek.
Berrikuntzan postuak igotzeko auto-exijentzia
Regional Innovation Scoreboard-en ondorioak aztertuta, alde batetik, Euskadiko berrikuntza zertxobait moteldu da RIS 2025 txostenean erabilitako datuei dagokien aldian (2022 eta 2023). Izan ere, Euskadin azken urte eta erdian berrikuntzaren alde egindako apustuek ez dute dokumentu honetan islatutako ondoriorik ikusten.
Bestalde, txostenaren metodologian aldaketak eman dira. Aldaketa metodologiko horrek Euskadiren bilakaera baldintzatu du. Zehazki, Euskadi lehen 60 eskualdeen artean zuten bi adierazle kendu dira, eta lau adierazle berri sartu; horietako bitan, Euskadi 160 posizioaren azpitik dago.
Euskadi positiboki nabarmentzen da I+G+b alorraren inpaktu-adierazleetan, alderdi hauei dagokienez: produktu berrien salmenta ETEetan, enpresek egindako I+G alorreko gastua, gazteen hezkuntza-maila handia, bizialdi osoko ikaskuntza, eta banda zabalaren eta nazioarteko koargitalpen zientifikoen hedapena. Faktore horietan Europako eskualde aitzindarien artean kokatzen da.
Hala ere, Euskadik hobetu egin behar ditu adierazle hauek: sektore publikoak egindako I+G alorreko gastua, hodei-konputazioa enpresetan, negozio-prozesuan dauden ETE berritzaileak, EBko diseinuen eskaerak eta teknologia ertain eta altuko produktuen esportazioak.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea