House Action: Europako Batzordeko Etxebizitza zuzendariak Etxebizitza eskuragarrirako EBren Planaren gakoak aurkeztu ditu: eraikuntza, berrikuntza, finantzaketa publiko-pribatua, inklusioa, tokiko eta eskualdeko lankidetza, eta norberaren hirian irauteko eskubidea, Eusko Jaurlaritzak gidatutako Nazioarteko Kongresuan

Argitalpen-data: 

Tabakaleran egin da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatutako House Action Nazioarteko Kongresuaren lehen edizioa.

Besteak beste, Matthew Baldwin Etxebizitza zuzendari eta Europako Batzordeko Energia buruak parte hartu du inaugurazio saioan.

Task Force erakundearen arduradun gisa, irismen komunitarioko etxebizitza eskuragarrien plan handi bat egiteko, Baldwinek aurreratu du plan hori urte amaierarako prest egongo dela, eta "estatu kideei, eskualdeei eta hiriei etxebizitza merkeagoak, jasangarriagoak eta kalitate onekoak hornitzen laguntzea izango du helburu".

Hori lortzeko, hiru esparrutan neurriak proposatuko ditu. Lehen neurria da eskaintza handitzea eta bizkortzea, bai etxebizitza eskuragarriak eta sozialak eraikitzeko, bai haiek berritzeko. “Etxebizitza soziala ere ez dugu ahaztu behar”, aitortu du; “horren proportzioa ere jaitsi egin da, EBn batez bestekoa % 7ra iritsi arte, eta, jakina, ehuneko hori txikiagoa da Espainian”.

Bigarrenik, Baldwinek azaldu duenez, “etxebizitzen higiezin-merkatuan inbertsioak eta erreformak sustatzeko neurriak aztertzen ari gara. Europa osorako inbertsio-plataforma bat sortzeko lanean ari gara, kapital pribatu erabakigarri hori erakarriko duen etxebizitza-proiektuen finantzaketa errazteko”.

Azkenik, Europako Batzordeko Etxebizitzako zuzendari eta Energiako buruak iragarri du Planak pertsona kalteberenei etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurriak barne hartuko dituela. “Agintari eskudunei lagunduko diegu krisi hau gehien jasaten dutenen etxebizitza-beharrei heltzeko neurri zehatzak hartuta: etxerik gabeko pertsonak (milioi bat baino gehiago EB osoan), 400.000 haur, gazteak eta ikasleak, adineko pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak... Lan asko dugu egiteko, baina gauza bat seguru da. Batzordea erabat prest dago estatu kideekin, eskualdeekin eta Donostia bezalako hiriekin lankidetzan aritzeko, krisi honi elkarrekin aurre egitearren”, adierazi du.

Gogoratu behar da Euskadik eta Kataluniak duela gutxi eskatu ziotela Europako Batzordeari funts iraunkorrak aktiba zitzala gizarte-kohesioaren eta lurralde-egituraketaren irizpideekin, eskualdeei etxebizitza babestuen parke berria eraikitzeko behar izango diren baliabideen kopuru erraldoiari aurre egiten laguntzeko. “Baietz esaten diegu eremu tentsionatuei, eta baietz esaten diogu hirietan geratzeko eskubideari”, esanez amaitu du. Baldwinek baieztapen hori egin du presio turistikoak etxebizitza-parkean sartzen duen arriskuari buruzko azterketa baten testuinguruan.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

Jørgensen komisarioak ospatu egin du Etxebizitzaren Aholku Batzordeak Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Planari egindako ekarpena.

Ikus informazio osoa (Iturria: Europako Batzordearen prentsa-webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea