Fiskalitatea: Ogasuneko sailburuordeak azaldu du EBren zuzentarau baten bidez % 15eko gutxieneko zerga-ezarpen globalerako akordioa Euskadira ekarri dela, eta EBko zerga-foro erabakigarrietan EAEk izan duen parte-hartzea balioetsi du

Argitalpen-data: 

Ogasuneko sailburuorde Iñaki Alonsok gutxieneko zergapetze globalari buruzko liburu baten aurkezpenean parte hartu du, eta bertan Euskal Ekonomia Itunari buruzko zatia idatzi du.

Gutxieneko ezarpen globalerako bilakaera 2021eko urriaren 8an lortutako akordio zabal baten emaitza da, nazioarteko fiskalitatean aurrekaririk ez duen mugarri bat, enpresa-talde handientzat % 15eko gutxieneko tasa eraginkorra bermatzeko arau globalen garapenari bide eman ziona.

Esparru hori Europar Batasunera ekarri zen 2022/2523 (EB) Zuzentarauaren bidez; ondoren, Espainiako estatuko ordenamendura eraman zen, Zerga Osagarria onartuta. Zerga berri guztiekin gertatzen den bezala, zerga hori sortzeko Euskadirekin hitzartu behar izan zen, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren, Gernikako Estatutuaren eta Ekonomia Itunaren arabera.

Gainera, Alonsok nabarmendu du garrantzitsua dela Euskadik zuzenean parte hartzea etorkizuneko nazioarteko arauak definitzen diren guneetan: Europar Batasuneko nahiz beste esparru globaletako batzordeak, lantaldeak eta zerga-foroak.

Europako araudiak ezartzen duenez, Zerga Osagarria 750 milioi eurotik gorako fakturazio bateratua duten enpresa-taldeei aplikatuko zaie, gutxienez, azken lau ekitaldi fiskaletatik bitan.

Alonsoren hitzetan, "Zerga Osagarria hitzartzeak erakusten du Euskadi bere zerga-politika erronka global berrietara egokitzeko moduan dagoela, Europako esparruarekiko koordinazioa mantenduz eta bere ahalmen arauemaile osoa zainduz".

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea