Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari bidali dio, Europar Batasunerako Ordezkaritzaren bidez, bere ekarpena 2028–2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruzko kontsulta publikoari. Proposamena Ogasun eta Finantza Sailak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak prestatu dute, Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzaren bidez, eta Europako aurrekontu handiagoa, malguagoa eta inklusiboagoa aldarrikatzen du, Europak aurre egin beharreko trantsizio ekonomiko, digital, ekologiko eta sozial handiei erantzuteko gai izango dena.
Gero eta ziurgabetasun handiagoko testuinguru geopolitikoan, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du beharrezkoa dela Europar Batasunaren autonomia estrategikoa, industria-lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa indartzea. Horretarako, elkartasunaren, iraunkortasunaren eta berrikuntzaren balioekin bat datorren aurrekontu-politika proposatzen du.
Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren proposamen nagusiak:
• Europar Batasuneko aurrekontua handitzea EBko PNB-ren % 2ra arte, egungo eta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egin ahal izateko.
Estatu bakoitzak funtsen plangintzan eta betearazpenean zentralizatutako plan bakarra baztertzea, eskualdeen funtsezko zeregina aitortzen duen arkitektura benetan inklusiboa proposatuz.
Europako Lurralde Lankidetza indartua bultzatzea, finantzaketa handiagoarekin, eta makroeskualde berriak sendotzea, hala nola Atlantikokoa.
Kohesio-politika berri eta deszentralizatua defendatzea, Europako funtsen kudeaketan eskualdeek duten esperientzia eta eraginkortasuna balioetsiko dituen maila anitzeko gobernantza batekin.
Euskadi bezalako eskualde industrializatuek trantsizio berde eta digitaletan duten zeregina aldarrikatzea, eta industriari eta berrikuntzari laguntzeko europar mailako tresnak aldarrikatzea.
Lehiakortasunerako Europako Funtsa adostea, baina Horizon Europe programaren funtsezko zutabeak ez ahultzeko eskatuz, hala nola II. zutabea, ezagutza enpresetara transferitzeko giltzarria dena.
Funtsen kudeaketan sinplifikazio eta malgutasun handiagoa eskatzea, administrazio-karga murriztuz, batez ere ETEentzat eta mikroETE-entzat.
Legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek EBko gobernantza ekonomikoaren esparru berrian duten zeregina aldarrikatzea, eta Europako seihilekoaren prozesuan erabateko inplikazioa izatea beren eskumeneko gaietan.
Eusko Jaurlaritzak Europako proiektuarekiko konpromiso sendoa berretsi du, ez bakarrik funtsen kudeatzaile eraginkor gisa, baita Europa erresilienteagoa, kohesionatuagoa eta berritzaileagoa gidatzeko bazkide estrategiko gisa ere. Europak bultzada politiko eta aurrekontu-bultzada berri bat behar du, eta Euskadi prest dago lidergo kolektibo horretan aktiboki parte hartzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Europako integrazioarekin, berrikuntzarekin eta lurralde-kohesioarekin konpromiso handia izanik, aktiboki lagundu nahi du hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrua (2028-2034) definitzerakoan. Euskal Autonomia Erkidegoak aspalditik erakutsi du gaitasun handia daukala Europako funtsak egikaritzen, eta ezagutza horretatik abiatuta, asmo handiagoko aurrekontu-esparru malguago bat proposatzen du, gaur egungo trantsizioetara egokituta eta Europar Batasunaren helburu estrategikoekin bat etorriz. Une honetan inoiz baino beharrezkoagoa da EBak bere indarguneak batu eta barne-kohesioa bermatzea. Erresilientzia eta segurtasuna indartuko dituen EB lehiakorra behar dugu.
Zertan inbertitu behar du EBk – Lehentasunak
Eusko Jaurlaritzaren ikuspegia:
- Eusko Jaurlaritzak badaki Europar Batasunak gaur egun erronka handiak dituela, eta Europako proiektuari modu proaktiboan eta erantzunkidetasunez laguntzeko borondate irmoa du. Halaber, EBko NPGren % 1 soilik ordezkatzen duen erkidegoko aurrekontuarekin erronka horiei aurre egiteko zailtasunak daudela onartzen du; horregatik, % 2ra igotzearen alde egiten du.
- Jaurlaritzak kontuan hartzen du Batzordearen otsailaren 11ko "Hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparrurako ibilbideak" izeneko komunikazioaren arabera, EBren aurrekontu moderno baterako ikuspegi berriak herrialde bakoitzerako plan bat jaso beharko lukeela, funtsezko erreforma eta inbertsioekin, bai eta (...) kohesio- eta hazkunde-politika indartu bat ere, eskualdeak erdigunean jarrita, politika hori nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariekin batera diseinatu eta aplikatzeko. Jaurlaritzak gogorarazten du Europar Batasunaren helburua dela eskualdeen garapen-mailen eta egoera txarrenean dauden eskualdeen atzerapenaren arteko aldeak murriztea (EBFTren XVIII. titulua). Hori dela eta, Jaurlaritza ez dago ados estatu kide bakoitzeko plan nazional bakar bat izatearen ikuspegiarekin, horren ordez, gardentasuna bermatuko duen eta eskualdeko agintariak inplikatuko dituen arkitektura baten alde egiten du, baita dagozkion eragile guztiei kontsultatzearen alde ere.
- Jaurlaritzak azpimarratzen du eskualde behartsuenek laguntza behar dutela beren erronka espezifikoei aurre egiteko eta beren potentzial ekonomikoa garatzeko; ildo beretik, Jaurlaritzaren iritzian, oso industrializatuta dauden eskualdeek, Euskadik kasu, erronka nabarmenak dituzte deskarbonizazioaren, aldaketa demografikoaren edo trantsizio berde eta digitalaren testuinguruan. Gisa horretako eskualdeek Europaren motor ekonomiko gisa duten eginkizuna aitortzen dituzten politika espezifikoak behar dituzte epe luzera eta etorkizunera begira, horrela, eraldaketa-prozesuekin batera aurrera egiteko, deslokalizazioak eta enplegu industrialaren galera saihesteko. Izan ere, EBk aurrera egin behar du bere autonomia estrategikoa sendotzen, funtsezko sektoreetan berezko industria-gaitasunei laguntzeko, hala nola mikroelektronikan, adimen artifizialean edo energia berriztagarrietan. Horretarako, gobernantza inklusiboa daukaten Europa mailako finantza-tresnak behar dira, horrela, berrikuntza-ekosistemak eta espezializazio-estrategia adimendunak finkatuta dituzten eskualdeek parte-hartu ahal izateko.
- Europako Lurralde Lankidetzak, eta, bereziki, mugaz haraindikoak, "politika txikiagoa" izateari utzi behar dio, hurrengo UAFEn leku estrategikoa izateko. Eusko Jaurlaritzak finantzaketa indartua ematea eskatzen du, eta esleipen espezifiko bat egitea eragin nabarmena duten proiektuetarako, hala nola Europako balio erantsi handia duten I3 tresnak bultzatzeko egitasmoetarako. Era berean, Makroeskualdeak Europako balio erantsiko eremu geografiko funtzionalak direla uste du, eta, hala badagokio, itsas estrategiek integratuta egon behar dutela. Beraz, etorkizun hurbilean Makroeskualde Atlantikoa bezalako eskualde berriak sortzea sustatu eta bultzatu beharko litzateke.
- Jaurlaritzak uste du EBk bere lehiakortasuna indartu behar duela, I+G+b-n inbertsio handiagoa eginez eta lankidetza publiko-pribatu eraginkorragoa sustatuz. Funtsezkoa da Europa oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura igarotzea, betiere garapen zientifikoak industria-, enpresa- eta gizarte-beharrekin lerrokatuz. Ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta enpresen arteko sinergiak indartzeak transferentzia teknologikoa bizkortzea eta maila globaleko ekosistema berritzaile lehiakorra sendotzea ahalbidetuko du.
- Jaurlaritzak kontuan hartzen du Lehiakortasunerako Europako Funtsaren proposamena, EBren lehiakortasunerako oinarrizkoak diren sektore eta teknologia estrategikoei lagunduko dien inbertsio-gaitasun nahikoa sortzeko. Gaur egun, EBren gastua programa gehiegitan banatuta dago, horrek konplexutasuna eta zurruntasuna eragiten ditu. Bere iritziz, Lehiakortasun Funtsaren proposamena bide onetik doa, izan ere, baliabideak funts bakar baten barruan bateratzen ditu. Hala ere, Lehiakortasunaren Funtsean sartu beharko litzatekeen etorkizuneko Ikerketa eta Berrikuntza Programaren II. zutabea murrizteko aukera kezkagarria da. "Europako industria-lehiakortasunaren erronka globalei" buruzko II. zutabea funtsezkoa da, ikerketa kolaboratiboa eta ezagutzaren transferentzia balio-kate osoan sustatzeko. Horri esker, zentro teknologikoek ikerketa eta merkatua konektatzen dituzten egitasmoak bultzatu ahal dituzte, horrela, enpresek, ETE-ek barne, teknologia berriak hartzea, produktibitatea hobetzea eta kalitatezko enplegua sortzea erraztuz. Hau da, ikerketa, industria eta merkatuaren arteko zubia da. Horregatik, II. zutabe hau indartzea funtsezkoa da, Europako industria-lehiakortasuna sustatzeko eta jarduerak EBren lehentasun estrategikoekin eta industriak zehaztutako beharrekin bat datozela ziurtatzeko.
- Ekonomiaren % 24 baino gehiago hartzen duen industria-oinarri sendoa duen eskualdea den aldetik ( % 40 zerbitzu erantsiekin), Jaurlaritzak uste du hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparruak nabarmen handitu behar duela etorkizuneko Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren eta I+G+bra bideratutako beste industria-programen baliabide-bolumena, besteak beste, Europa Digital Programaren eta Europako Defentsa Funtsaren kasuan.
- Jaurlaritzak argi dauka kohesio-politika EBren tresna garrantzitsuenetako bat izan dela, batez ere, Europako Gizarte Funtsaren (EGF+) bidez, pertsonengan, giza kapitalean, gizarteratzean eta gizarte-berrikuntzan inbertituz, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bitartez ere, bidezko eraldaketa eta biziberritze ekonomikoan, berrikuntzan, digitalizazioan eta azpiegitura jasangarrietan inbertituz. Beraz, Jaurlaritzak azpimarratu nahiko luke garrantzitsua dela Europako kohesio-politika modernizatuak egungo behar espezifikoei heltzea, Lehiakortasunerako Europako Funtsarekin duen bateragarritasuna sakontasunez aztertzeko, besteak beste.
- Jaurlaritzak NPE sinplifikatzea proposatzen du, ekoerregimenak, laguntza akoplatuak eta eskubide historikoak ezabatuz, eta ustiategien dimentsio ekonomikoan oinarritutako zuzeneko laguntzen sistema bakarra lehenetsiz. Bigarren zutabeko (LGENF) funtsak handitzeko beharra nabarmena da, bereziki, berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta digitalizazioarekin lotutako inbertsioak laguntzeko. Halaber, gazteei, emakumeei, eremu behartsuei eta nekazaritza jasangarriko ereduei lehentasuna ematea eskatzen du. Egikaritze-ereduaren barruan eskualde-gobernantza hobetzea beharrezkoa da, bai eta ingurumen-ordainketa eraginkorragoetara igarotzea ere, emaitzetara bideratuta eta pizgarri gehigarriekin.
EBk nola inbertitu behar duen - Kudeaketa-eredua
- Kohesio-politikak Europan ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa, Europar Batasun osoaren garapen harmoniatsua eta merkatu funtzional bakarra indartzen ditu. Edozein kasutan, kohesio-politika hori zentralizatuta egotea ez da horrekin bateragarria. Europar Kohesio Politika modernizatuak kudeaketan eskumena duten eskualde-gobernuak aintzat hartu behar dituela berretsi du, bai eta beren programa operatiboen diseinuaren eta prestaketaren buru izan behar dutela ere, horrela, EBren lehentasun estrategikoak bultzatu ahal izateko.
- Jaurlaritzaren aburuz, funtsen helburua birorientatzeak, egindako gastuaren eta emaitzaren balorazioa barne hartuta, aukera ematen du ekintza kuantitatiboetan ez ezik kualitatiboetan ere eragiteko. Hala ere, ohartarazten du Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) ereduak, mugarri eta helburuetan oinarrituta, konplexutasun administratiboak, gainjartzeak, atzerapenak eta jasotako funtsen trazabilitate-zailtasunak sortu dituela, Europako Kontuen Auzitegiak agerian utzi duenez. Gainera, kudeaketa-eredu horrek Suspertze eta Erresilientzia Plan nazionaletan behin eta berriz aldaketak egin behar izatea dakar, ordainketak bideratu ahal izateko.
12 Eskualde-politikaren egungo kudeaketa-sistemaren sinplifikazioari eta malgutasunari dagokienez, Jaurlaritzaren aburuz, hobetzeko tartea dago. Malgutasunari helduta, politika horrek azken urteetako krisialdi kateatuetan izan duen zeregin garrantzitsua kontuan hartzeko modukoa da. Era berean, politika horrek Europako lehentasun berrietara egokitzeko duen gaitasuna agerian geratu da Europarako Teknologia Estrategikoen Plataforma – STEP (Eusko Jaurlaritzak teknologia kritikoetan inbertitzeko erabili du) delakoan eta gisa horretako tresnetan, bai eta defentsarako eta segurtasunerako, etxebizitza eskuragarrirako, erresilientzia hidrikorako eta trantsizio energetikorako inbertsioetan funtsen zati bat birprogramatzeko proposamen berrian ere, dagoeneko egin berri den kohesio-politikaren tarteko berrikuspenaren testuinguruan. Hala ere, Jaurlaritzak gogorarazi nahiko luke kohesio-politika ez dela krisiei erantzuteko tresna hutsa, horren ordez, epe luzerako helburu eta inbertsioetan zentratu beharko litzateke. Horregatik Jaurlaritzak uste du eraginkorragoa izango litzatekeela larrialdiei, sektore-egokitzapenei edo krisiei aurre egiteko berariazko erreserba bat ezartzea, esleitutako funtsen etengabeko birprogramazioetan oinarritutako erantzunak eskaini beharrean.
- Sinplifikazioa dela eta, Jaurlaritzak argi du azken onuradunentzako gehiegizko karga administratiboak zenbait kolektibori sarbidea galarazten diela, besteak beste, ETE eta mikroETE askori, izan ere, kasu askotan ez daukate funtzio horietara giza baliabideak bideratzeko egitura nahikorik. Horrenbestez, administrazioaren kontrolei eta eskakizunei dagokienez proportzionaltasun-printzipioa aplikatzea eskatzen du. Ildo beretik, zenbait printzipio (adibidez, Do Not Significant Harm printzipioa (DNSH) SEMen jarduketetan aplikatzerakoan zurruntasun handiegiz jokatzeak izan ditzakeen arriskuez ohartarazi nahiko luke Jaurlaritzak; kasu jakin batzuetan malgutasunez aplikatzeak onurak lortzen lagun lezake.
Nortzuek kudeatu behar duten EBren inbertsioa – Gobernantza-eredua
- Eskualdeek egitura-funtsen kudeaketan emandako 40 urte inguruko esperientziaren balioa nabarmendu nahiko luke Jaurlaritzak. Horren ondorioz, lurraldeak aztertzeko eta programazio estrategikoa egiteko ariketa sakonak egin dira, adibidez, RIS3 Estrategiak. Horregatik, Europako eskualdeek diseinatu eta gauzatutako egitura-funtsen eskualde-programei eustea eskatzen du Jaurlaritzak, lurralde bakoitzaren beharretara erabat egokitutako jarduerak planifikatzeko aukera ematen baitute.
- Ildo horretatik, eskualdeko agintariek erakusten duten funtsen balio erantsi europarra berritzeko eta maximizatzeko gaitasuna azpimarratzen du, VInnovate eskualdeen arteko finantzaketa-mekanismoak agerian uzten duen bezala, zeina Vanguard ekimeneko eskualdeek abian jarri baitute eta heldutasun teknologiko handiko lankidetza-proiektuak elkarrekin finantzatzeko eskualde-funtsekin elikatu baita.
- Jaurlaritzak ohartarazi nahiko luke kudeaketa partekatuko funtsak zentralizatzea edo birnazionalizatzea ez dela sinplifikatzea, baizik eta eraginkortasuna galtzea eta lurralde-premiekin bat ez etortzea, SEMekin duen esperientziak adierazten duen bezala.
- Maila anitzeko gobernantza egituratzeko eskatzen du, horrela, legegintzako eskumenak dituzten eskualdeek EBko gobernantza ekonomikoaren esparru berriaren ezarpenean eta erabakietan parte hartu ahal izateko, trantsizio berde eta digitaletan inbertsio publikoari etengabeko bultzada emanez.
- EBk Europako seihilekoaren esparruan gomendatutako eta bere eskumenei eragiten dieten erreformekiko erabateko konpromisoa berresten du Jaurlaritzak, dena dela, erabat inplikatu ahal izatea eskatzen du bere eskumeneko gaietan, hala nola, enpleguan, hezkuntzan edo berrikuntzan.
- Europaren lehiakortasuna hobetzeko, funts-kudeaketak eskualdeentzako deszentralizazio eta autonomia handiagoa jasotzea ezinbestekoa dela uste du, irizpide estrategikoen esparru komun baten barruan. Baliabideen eraginkortasuna askoz ere egokiagoa da beharrak kontuan hartzen direnean. Esparru-helburuak behar dira, bai, baina beherantz malguak izan behar dute, eraginkorrak izan daitezen. Bestela, tokiko eraldaketarako benetako helbururik gabeko gastuak sor daitezke. Europako Batzordearen, estatuen eta eskualdeen arteko lankidetzan oinarritutako Gobernantza-eredu arinago batek baliabideak eraginkortasunez esleitzea eta Europako industria- eta teknologia-lehiakortasunean eragin zuzena duten proiektu berritzaileak inplementatzea erraztuko luke, bai eta Europaren eraikuntzaren printzipioak eta balioak babestea ere. Ildo beretik, amaitzeko, zuzenbide-estatuaren eta Europar Batasunaren aurrekontuaren artean lotura estuagoa ezartzearen alde egiten du.
Europak bultzada politiko eta aurrekontu-bultzada berria behar du. Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Europar Batasun kohesionatuago eta berritzaileago batekin duen konpromisoa, eta bazkide estrategiko gisa bere burua aurkezten du Europak behar duen eraldaketa zuzentzeko, bereziki, Europako industriaren defentsari dagokionez. Hurrengo UAFEk anbizio hori islatu beharko luke, ikuspegi inklusiboago baten aldeko apustua eginez, lurraldearekiko sentikortasuna erakutsiz eta pertsonen bizitzan benetako inpaktua lortzera bideratua.
Ikus informazio osoagoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea