Arrantza: Eusko Jaurlaritzak bilerak izango ditu arrantzazko taldeekin Europako Parlamentuan eta Itsas Eskualde Periferikoen Komitean, azken honen barne dagoelarik Arku Atlantikoaren Batzordea, lehendakaria buru duena eta 20 eskualde biltzen dituena

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura zuzendari Ixone Soroak Itsas Eskualde Periferikoen Komiteko Arrantza Taldearen bileran parte hartuko du apirilaren 9an, asteazkenean, Bruselan.

Landu beharreko gaien artean, nabarmentzekoak dira Europako Batzordeak Arrantza Politika Bateratuaren oinarrizko araudiari eta Komitearen Arrantza Lantaldearen Gobernantzari buruz egindako kontsulta publikoari buruzko ikuspuntuen trukea, 2025erako gaikako lehentasunak eta lan-planaren proiektua zehaztuko dituena, eta Taldearen Lehendakaritzaren ordezkapena.

Arratsaldean, zuzendaria Europako Parlamentuko Arrantza Batzordearekin bilduko da. Bertan, EBko eta Erresuma Batuko Merkataritza eta Lankidetza Akordioa, 2023ko eta 2024ko Batzordearen aplikazio-txostenak eta arrantza-gaien egungo egoera aztertuko dituzte.

Itsas Eskualde Periferikoen Komitea

CPMR Komitea (bere ingelesezko hizkietaz hala ezagutzen delarik) Europako 150 eskualderen elkartea da, 200 milioi pertsona biltzen ditu eta bertan Europar Batasuneko 27 estatu kideak daude ordezkatuta. Eskualdeak 6 batzorde geografikotan antolatuta daude. Bere helburua da Europar Batasunaren garapen orekatuagoa sustatzea, bere gune bakoitzari balioa emateko, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzeko.

Euskadi bertan dago sortu zenetik. CPMRren batzorde geografikoak honako hauek dira: Arku Atlantikoa, Balkan eta Itsas Beltzarena, Uharteena, Mediterraneo-artekoa, Itsas Baltikokoa, eta Ipar Itsasokoa. Batzorde geografikoez gain, Komiteak hainbat lantalde tematiko ditu gaur egun: Migrazioa, Klima eta Energia, Kohesioa, Genero Berdintasuna, etab. Euskadi Genero Berdintasuneko eta Energiako Task Force edo Lan Taldearen buru da. Batzorde geografikoen artean, Arku Atlantikoaren Batzordea nabarmentzen da.

Arku Atlantikoko Batzordea Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako Batzorde geografikoetako bat da, eta bere ekintza, bere eskualde kideen itxaropenetarako berariazkoa bada ere, esparru orokorrago horretan kokatzen da. 20 eskualde aitzindarik osatzen dute, eta 1989. urtetik ari dira lankidetzan.

Faron (Algarve, Portugal) sortu zen. Sei estatutako eskualdeek osatzen dute (Irlanda, Erresuma Batua, Frantzia, Espainia, Portugal eta Kanada), Andaluziatik Quebeceraino. 60 milioi biztanle inguru hartzen ditu, eta hori Europako biztanleriaren % 12 da.

Arku Atlantikoko Batzordearen buru Euskadi izan da 2020ko urritik, Urkullu lehendakariaren agintaldia amaitu arte Eusko Jaurlaritzan, hau da, bi agintalditan jarraian izan da Batzordearen buru. Batzordearen osoko bilkuran, 2024ko urrian, lehendakari berria, Imanol Pradales, Arku Atlantikoko Batzordeko lehendakari hautatu zuten bi urterako.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea