Arrantza: Euskadik eta Seychellesek EBko kontrol-araudi berriaren eta EBk herrialdearekin duen arrantza-akordioaren inguruan hitz egin dute, bertan euskal atunontziak dihardutelarik

Argitalpen-data: 

Roy Clarissek, Seychelleetako Arrantza eta Ekonomia Urdineko Ministerioko Arrantza Departamentuko idazkari nagusiak, eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantzako sailburuordeak bilera izan dute Indiako Ozeanoko uretan aritzen diren euskal atunontzien (gehienek Bermeon dute basea) egoera aztertzeko.

Clarissek Azkueri aipatu dionez, “Seychelleetako Victoria portua euskal atunontzientzako baimendutako portu gisa izendatzen bada, horrek aukera emango du tunidoen deskargan tolerantzia-marjinaren salbuespena aplikatzeko, Europako kontrol-erregelamendu berriaren arabera”.

“Nahiago genuke, Ipar Atlantikoan eskatzen dugun bezala, nazioarteko beste flota batzuek ere jardunbide profesional on horiek garatuko balituzte, espezieak mantentzea eta haztea bermatzeko”, nabarmendu du Leandro Azkuek. Europar Batasunak eta Seychelle Uharteek sinatutako arrantza-akordioaren helburua da Seychelleetako uretan arrantza jasangarriaren arloan lankidetza erraztea eta arrantza-baliabideak erantzukizunez ustiatzea.

Akordio horri esker, EBko ontziek Seychelleetako uretan arrantza egin dezakete baldintza batzuetan, arrantza kudeatzeko eta arrantza jasangarria sustatzeko finantzaketaren truke. Europar Batasunak eta Seychelleetako Errepublikak 2023an eguneratu zuten arrantza-ontziak Mayotte uretan sartzeari buruzko akordio hori, Indiako Ozeanoaren hego-mendebaldeko eskualde-lankidetzaren testuinguruan.

Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)

EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea