Cristina Oyón, Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendaria, elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide eta presidenteorde izendatu dute. Postu horri esker, SPRIk elkartean garatzen dituzten jardueretan inplikatzeko eta funtzionamendu egokia bultzatzeko aukera izango du. Aste honetan, SPRI EURADAren, Garapen Agentzien Europako Elkartearen, Batzar Nagusian ari da parte hartzen. Aurten, gainera, Batzarrak garrantzi berezia izango du, Zuzendaritza Batzorde berria izendatzeko hauteskundeak ere egingo baitira.
Ondoren, Cristina Oyónek EURADAk “Eskualdeak ahalduntzen” lelopean antolatutako AGORADA konferentzian hartu du parte.
EURADAko kideak elkarrentzako inspirazio-iturria dira eta ideiak trukatzen dituzte beren eskualdeetan arrakasta-politikak eta haien jardunbide egokienak partekatuta. AGORADA 2024k Europako eskualdeko garapen-agentzien egoera hobeto ulertzeko EURADAk egiten dituen ahaleginekin aurrera jarraituko du. Hala, ELGArekin batera egindako eta 2023. urtearen amaieran kaleratutako inkestaren aurretiazko lehenengo emaitzak aurkeztuko ditu eta garapen-agentzietako elkarte nazionalek estatu mailako testuinguru ugarietan betetzen duten rolaren eta bideratzen dituzten jarduera espezifikoen inguruko eztabaida bultzatuko du.
Garapen Agentzien Europako Elkartea (EURADA) 1992an sortu zen eta garapen ekonomikoaren inguruan lan egiten duten Europa osoko profesionalak biltzen ditu. Gainera, garapen-agentziak ordezkatzen ditu Europar Batasuneko erakundeen aurrean. 14 herrialdetako (Austria, Belgika, Kroazia, Frantzia, Grezia, Italia, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia, Erresuma Batua eta Espainia) eta atxikipen aurreko fasean dauden bi herrialdetako (Serbia eta Turkia) eta Ukrainako 59 elkartek osatzen dute.
Elkarteak eskualdeko garapen ekonomikoko profesionalen arteko lankidetza errazten du, harremanak ezartzeko, EBko proiektu komunak planifikatzeko, lankidetzan aritzeko, eta Europa mailan parte hartzeko eta beren proiektuak defendatzeko gune bat eskainita. Beste nolabait esanda, EURADA garapen-agentziak elkarren artean, Europarekin eta Europak eskaintzen dituen aukerekin lotzeko ondo kokatuta dagoen nazioarteko erakundea dela esan dezakegu.