Imanol Pradales Lehendakariak urte politiko berriko lehen elkarrizketa eskaini du Radio Euskadiko Boulevard saioko mikrofonoetan. Elkarrizketan zehar, Eusko Jaurlaritzak epe labur eta ertainean dituen erronkei buruz galdetu diote Pradalesi.
Elkarrizketan zehar, immigrazioa eta Euskadiko segurtasuna bezalako gaiek ere lekua izan dute. Lehenengo gaiari dagokionean Lehendakariak adierazi duenez, "Europako lege-esparrua eta giza eskubideak hartu behar dira oinarritzat". Beroan egindako itzulketen aurka dagoela adierazi du, legez kanpokoak direla gogoraraziz, eta immigrazioa egiturazko kontua dela azpimarratu du. Hori dela eta, adierazi duenez, "egiturazko itun bat behar da" eta, gaineratu duenez, "guztion elkartasuna". "Gai hori kudeatzeko prest gaude", adierazi du.