Eusko Jaurlaritzak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez, 480.000 euro bideratuko ditu, guztira, frutak eta barazkiak ekoizten dituzten eta sektorean asoziazionismoa bultzatzen duten erakundeentzako laguntzetara, gaur egungo merkatuaren eskariei aurre egin ahal izateko; izan ere, merkatu hori lehiakorragoa eta zorrotzagoa da kalitatearen arloan.
Europako Batzordeak sektore horri laguntzea erabaki zuen, NBEF funtsak eta Eusko Jaurlaritzaren funtsek batera finantzatzen duten urteko konkurrentzia-laguntza baten bidez. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo´k fruta eta barazkien ekoizleen elkarteentzako 2024. urterako laguntzak ezartzen dituen agindu berrian, laguntza horiek Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan sartzen direla gogorarazten da.
2023tik 2027ra aplikatzen den Nekazaritza Politika Bateratu berria emaitza zehatzak lortzera bideratuta dago, hiru helburu orokorrekin lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimendun, lehiakor, erresiliente eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Europar Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, besteak beste, Parisko Akordioari jarraiki hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea.