Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Balear Uharteak eta Nafarroako gobernuen ordezkariek bilera egin dute Bartzelonan, Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordearen esparruan. Bertan, gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialak dituzten lurraldeetako hizkuntza-politikako arduradunak biltzen dira, beren hizkuntzen aldeko jarduerak partekatzeko eta bultzatzeko.
Bilera Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikako kontseilari F. Xavier Vila buru izan da, eta Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna betetzeari buruzko seigarren txostenaren azterketa bateratua egiteko balio izan du. Balorazio horiek Hizkuntza Ofizialen Kontseiluari helaraztea erabaki da.
Bileran, besteak beste, gai hauek jorratu dira: komunikabide publiko eta pribatuetan, bereziki Clan haur-kanal publikoan, hizkuntza ofizialetan eskuragarri dagoen programazioa handitzeko beharra, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrak ezartzen duen bezala, edo hizkuntzaren ekonomia berriaren ESEPEaren finantzaketa.
ESEPEak Eraldaketa eta Suspertze Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak dira, Estatuko Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan definituak, zeinaren bidez artikulatzen baita Next Generation EU planeko funtsen iritsiera Covid-19aren pandemiaren ondorengo berreskurapenerako.
Ikus informazio osoa (Iturria: Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea)
EIES - Europako informazioaren Euskal Sarea: Europako gaurkotasuneko beste edukietarako sarbidea