Euskadin da TREC espedizioaren laborategi mugikor aurreratua. Europako puntako espedizio zientifiko horrek euskal kostaldeko itsas biodibertsitatea aztertuko du UPV/EHUren laguntzarekin.
Joan den apirilean hasi zen Europako TREC (Traversing European Ecosystems) espedizio zientifiko puntakoa, helburu gisa harturik Europako kostaldeko biodibertsitatea eta ekosistemak zehatz-mehatz ezagutzea. Espedizioaren bitartez, informazioa bildu nahi da organismoek beren artean eta ingurumenarekin interakzioan zer-nola jarduten duten jakiteko. Horretarako, eskala molekularra baliatuko da Europa kontinenteko kostaldeetako fluktuazio ekosistemikoetan. Orotara 46 geldialdi egingo ditu 22 herrialdetan, eta haietatik zortzi baino ez dituzte aukeratu laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko gune gisa. Plentzia-Bilbo izango da horietako bat.
Hori horrela, Euskadin da dagoeneko TREC espedizioaren lehenbiziko fasea: urriaren 11ra bitartean, Plentziako Itsas Estazioaren (PiE-UPV/EHU) parean arituko da lanean Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) laborategi mugikor aurreratua.
Biologia Molekularreko Europako Laborategiak koordinatzen du TREC espedizioa, eta eginkizun horretan laguntzaile ditu Tara Oceans Fundazioa —zeina ozeanoak ikertzen jarduten baita— eta Europako EMBRC-ERIC ikerketa-azpiegitura —azken horretako kide da Plentziako Itsas Estazioa—. Estazio horixe da, hain justu, espedizio honetan lankidetza-lanetan diharduen ikerketa-zentroa.
TREC espedizioa 2023ko apirilean abiatu zen Roscoffen (Frantzia). Aurtengo urtea Atlantikoari eta Baltikoari eskainiko dio, eta 2024an amaituko da esplorazio-bidaia paneuroparra, Mediterraneo aldean.
Plentziako Itsas Estazioak urteak daramatza itsasoko biodibertsitatearen behaketa molekular eta morfologikoan lanean, baita Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan ere, Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroaren (EMBRC) bidez.
EIES - Europako Informazioaren Euskal Sarea
