Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) mahastizaintzako eta ardogintzako enpresen lehiakortasuna, merkatura egokitzea eta iraunkortasuna hobetzeko deitu berri diren laguntzen % 25 eta % 50 artean estaliko ditu (Gobernu Kontseilua, 2023-01-24).

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu baten bidez, 2023. urterako dirulaguntzak emateko deialdia egin du, eraldaketa-instalazioetan, mahastizaintzako eta ardogintzako azpiegituretan eta sektore horretan merkaturatzeko egituretan eta tresnetan inbertsio materialak eta ez-materialak finantzatzeko. Helburua enpresen etekin globala hobetzea, merkatuaren eskaeretara egokitzea eta lehiakortasuna handitzea da, eta energia aurrezten, energia-efizientzia globalean eta prozesu jasangarrietan aurrera egiten laguntzea.

 

Laguntza horien hartzaileak mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, nortasun juridikoa duten bi ekoizleren edo gehiagoren elkarteak eta lanbide arteko erakundeak dira.

 

NBEUF funtsetatik eratorritako laguntzek aurkeztutako gastuen % 25 eta % 50 artean estaliko dute, kasu bakoitzaren arabera. Aurreko deialdietan, aurkeztutako gastuak 10 milioi euro ingurukoak izan dira; beraz, antzeko kopurua aurreikusten da.

Informazio gehiago