Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromiso berriak hartu dituzte Europako baliabideen kudeaketaren esparruan

Argitalpen-data: 

Urkulluk eta Calviñok adostutako 5 konpromisoak zehaztu dituzte

 

Iñigo Urkullu lehendakaria Nadia Calviño Lehen lehendakariorde eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroarekin bildu da. Ajuria Enea Jauregian egindako bileran Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua ere izan da.

 

Bileraren ostean, Urkullu lehendakariak eta Calviño presidenteordeak agerraldia egin dute Lehendakaritzan, Europako baliabideen kudeaketaren esparruan etorkizunari begira hartutako konpromisoen berri emateko. Lehendakariak konpromiso hauek zerrendatu ditu:

 

1.- AUTONOMIA ERKIDEGOEN JASANGARRITASUN FUNTSA.

 

Funts horrek 20.000 milioi euroko zuzkidura du. Akordioaren arabera, FINANTZATU BEHARREKO PROIEKTUAK ERABAKITZEA Eusko Jaurlaritzari dagokio, jakina, Europak ezarritako esparruen baitan. Horrela, eskualdeko PERTEn parte hartzeko eskaerari erantzuten diogu.

 

2.- PERTE HAUETAKO ORDEZKARIEK EUSKADIRA EGINDAKO BISITA INSTITUZIONALAK:

 

- IBILGAILU ELEKTRIKOA ETA KONEKTATUA

 

- DESKARBONIZAZIO INDUSTRIALA

 

- NEKAZARITZAKO ELIKAGAIAK, eta

 

- MIKROELEKTRONIKA ETA ERDIEROALEAK.

 

Eusko Jaurlaritzak informazio-saioak antolatuko ditu, arlo bakoitzeko sektoreek parte hartzeko.

 

3.- HIDROGENOAREN EUSKAL KORRIDOREA.

 

Lehendakariak Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezen idatzizko konpromisoa jaso du garraioaren eta energiaren arloko mugaz gaindiko interkonexioekin lotutako euskal proiektuekin, eta hidrogeno berdearen arloan Euskadik duen potentzialaren aldeko apustua jasotzen da bertan.

 

Euskadi proiektu berritzaileetako bat izango duenn eskualdeetako bat da, eta, gainera, hidrogeno berdearen sarearen lehen ardatzetako bat igaroko da bertatik. Era berean, hidrogenoa Euskadin lurpean biltegiratzeko proposamen bat aztertuko da.

 

4.- SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN (I+G) HOBARIEN FUNTSA ETA GIZARTERATZEKO ERREFORMA FUNTSA (BGG).

 

Figura horiek bi gobernuetako talde teknikoek aztertuko dituztela adostu dugu, Euskal Ekonomia Ituna betetzen dela bermatzeko. Horretarako, lantalde tekniko espezifiko bat eratuko dugu.

 

Euskadira transferitutako zenbatekoetan hautemandako disfuntzioei dagokienez, industrialdeetan banda zabaleko programa birprogramatzea lortu da. Gainerako disfuntzioak aldebiko harremanen bidez bideratuko dira.

 

5.- DEFIZITA ETA ZORRA.

 

Erabaki da Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik jasotako maileguak EZ direla zenbatuko autonomia-erkidegoen defizitean, betiere finantza-eragiketen bidez mobilizatzen badira. Zorrean zenbatuko dira, eta, beraz, erkidego bakoitzak erabakiko du erabiltzea komeni den. Hori da, hain zuzen ere, BEM Funtsa delakoari emandako erantzuna bideratzeko erabakitako bidea, Eusko Jaurlaritzak eskatutakoa.

 

Hauek izan dira bileran adostutako bost puntuak. Hala ere, aukera baliatu dute Next Generation EU funtsetatik jasotako inbertsioen jarraipena egiteko. Guztira 1.620 milioi euro jaso dira. “Bi gobernuen arteko harremanari eutsiko diogu, bizi dugun egoera zail honi erantzun partekatuak adosten jarraitzeko”, adierazi du lehendakariak.

Informazio gehiago