Lourdes Íscar San Prudentzio Fundazioaren XXII. Kongresuan

 

“Prebentzioaren kultura bat eraikitzeko inbertitu behar dugu, laneko osasun mentalaren alde”

Gaur goizean, San Prudentzio Fundazioaren Laneko Segurtasun eta Osasunari buruzko XXII. Kongresua egin da Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian, Osasun emozional gehiago, absentismo gutxiago izenburupean. Ramón Arangüena kazetaria izan da aurkezlea, eta Toni Nadalek Dena entrenatu daiteke inaugurazio-hitzaldia eman du.

Biltzarrean laneko arrisku psikosozialen arazoari heldu zaio, kontuan hartuta urtero 12.000 milioi lanegun galtzen direla depresioaren eta antsietatearen ondorioz, eta munduko ekonomiari ia bilioi bat dolar kostatzen zaiola, Osasunaren Mundu Erakundeak kaleratutako Osasun Mentalari buruzko Munduko Txostenaren arabera.

Gainera, pandemia baino lehen, osasun mentaleko arazoek 84 milioi pertsonari eragiten zieten EBn, eta EBko langileen erdiek uste dute estresa ohikoa dela beren lantokian (EBren esparru estrategiko berria, laneko osasunari eta segurtasunari buruzkoa, 2021 – 2027).

Laneko osasun mentalari buruzko OMEren gidalerroak argitalpenaren arabera, hauek dira lan-eremuan osasun mentala arriskuan jartzen duten arrazoi nagusiak:


•Gehiegizko kargak edo lan-erritmoa, langilerik ez dagoelako

• Ordutegi luzeegiak, antisozialak edo malguak

• Diseinuaren edo lan-kargaren gaineko kontrolik eza

• Enplegatuen arteko laguntza mugatua edo gainbegiratze autoritarioa

• Jazarpena, indarkeria eta zirikatze

•Diskriminazioa eta bazterketa

• Gutxi definitutako lan-funtzioak

  
Lourdes Íscar Osalaneko zuzendari nagusiak eman dio ongietorria Kongresuari, eta adierazi du, Euskadin, Euskadiko osasun-inkestak (EAEOI 2018) agerian uzten duela langileen osasun mental txarraren prebalentzia handia: % 37,3 gizonentzat eta % 42,5 emakumeentzat. Langileen osasun mentala okertzen laguntzen duten faktoreak gehiegizko lan-kargak, erritmo altuak eta lankideen arteko harremanak dira.

Eta hori gertatzen da, batzuetan, baldintza psikosozialek eta haien diseinuak osasun-arazoak eragin dituztelako plantillan, eta beste batzuetan ez delako garaiz esku hartu, eta, era berean, ez delako kudeatu osasun mentaleko arazoak dituzten langileak lanera itzultzeko estrategiarik.

 Hala ere, bere hitzaldian, Lourdes Íscarrek esan du oso ezaguna dela lana, oro har, ona dela osasun mentalerako eta osasun fisikorako; kalitatezko lana norberaren gogobetetze- eta errealizazio-iturri bat dela; eta “pertsonok gure bizitzaren zati handi bat lanean ematen dugunez, funtsezkoa dela lan-ingurune seguru eta osasungarri bat izatea”.

Hori dela eta, azpimarratu du osasun mentalaren arloan enpresetan egiten diren esku-hartzeek osasun eta segurtasuneko estrategia oso eta integratu baten parte izan behar dutela, eta estrategia horrek barne hartu behar dituela lehen mailako prebentzioa, detekzio goiztiarra, laguntza eta berriz sartzea edo berregokitzea.

“Argi dagoena da inbertitu egin behar dugula laneko osasun mentalaren aldeko prebentzio-kultura bat eraikitzeko, prebentzio-fase desberdinetan esku hartzeko, ez bakarrik legezko betebehar bat betetzeko, baizik eta bai langileekiko bai enpresarekiko onuragatik ere”- ondorioztatu du.