Hezkuntza-esperientzia berritzaileak ezagutzeko eta politikak partekatzeko aste honetan Estonia eta Finlandiara egiten ari den bidaiaren baitan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Li Andersson Finlandiako Hezkuntza ministroarekin bildu da gaur goizean.
Hezkuntza Ministerioak Helsinkin duen egoitzan burutu den bileran, bi hezkuntza-administrazioen (finlandiarra eta Euskadikoa) ardurako gaiak jorratu dituzte, hala nola irakasleen prestakuntzako programak, izan hasierako prestakuntzan, izan etengabeko prestakuntzan. Andersson ministroaren eskutik, Bildarratzek Finlandiako eskola-antolaketaren gakoak ezagutu ditu, hau da, Gobernuaren eta gainerako hezkuntza-erakundeen artean – eskolak, unibertsitateak, udalerriak edo Hezkuntza Agentzia Nazionala – dagoen antolamendu-harremana, eta horiek guztiak nola antolatzen diren ikasleen arrakasta akademikoa lortzeko. Ministerioko arduradunek, halaber, 2016ko curriculum-erreformen ondoren herrialdeak hartu duen hezkuntza-ikuspegia azaldu dute, ikasleen parte-hartzea sustatzeko eta ikasle bakoitza bere ikaskuntza-prozesuaren eta prozesu sozioemozionalaren protagonista izan dadin ahalbidetzeko.