Eusko Jaurlaritzak ura kudeatzeko dituen tresnak indartu ditu 2022-2027 epealdirako plangintza hidrologikoa onartuta

Argitalpen-data: 

2022-2027 plangintza hidrologikoaren aurkezpena
  • Muturreko fenomenoak, uholdeak eta lehorteak, maizako gerta daitezke klima-aldaketaren ondorioz, eta Euskadik plangintza hidrologiko berritua izango du, segurtasun hidrikoa eta ur hornidura bermatzeko, lurraldearen erresilientzia hobetzeko eta uren egoera ona lortzeko
  • Lehorteen Plan Berezia Eusko Jaurlaritzak onartutako mota horretako lehen plana da, eta dagoeneko Busturialdean edo Lea-Artibain aplikatzen ari da
  • Plan hidrologikoaren epe osorako, administrazio guztiek 900 milioi euroko inbertsioak egitea aurreikusten da; horietatik 600 milioi euro euskal erakundeen inbertsioei dagozkie

Eusko Jaurlaritzak uraren kudeaketari aurre egiteko gaitasuna sendotu du, Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana berrituz eta bere Barne-Arroetan Lehorteen aurrean Jarduteko lehen Plan Berezia onartuz; izan ere, tresna estrategiko horiek bereziki ezinbestekoak dira klima-aldaketak ekar litzakeen balizko tentsio-egoeren aurrean urari dagokion guztia kudeatzeko.

Ezin da ahaztu, duela hilabete gutxi, uholde garrantzitsuei aurre egin diegula, azken hamarkadetako uholde handienei, eta orain gure inguruan nolabaiteko kezka zabaltzen hasi dela lehortearen inguruan. Lehorteak, gainera, erasanak sortzen hasi dira erregulazio gutxiko edo batere erregulaziorik gabeko hornikuntza-sistemetan, hala nola Urdaibain, non Lehorteen Plan Berezia dagoeneko abiarazi berri den.

Muturreko fenomeno horiek behin eta berriz gertatu daitezke eta klima-aldaketak larriagotu ditzake. Beraz,  uraren plangintza hidriko egokia izateko beharra gogorarazten dute: jasangarritasun-irizpideeak eta uraren erabilera eraginkorra aintzat hartuz, uraren segurtasuna eta horniduraren bermea lortu ahal izateko,  uholdeen eta lehorteen aurreko erresilientzia hobetzeko; eta uren egoera ona lortzeko.

Horregatik, Gobernu Kontseiluak, iragan asteartean, 2022ko uztailaren 26an, Euskadiko barne-arro deiturikoetan 2022-2027 aldirako plangintza hidrologikoa onartu du, uren arloko jarduketaren oinarriak ezartzen dituena.

Oharra: Eusko Jaurlaritzak ura kudeatzeko dituen tresnak indartu ditu 2022-2027 epealdirako plangintza hidrologikoa onartuta (DOCX, 355 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

2022-2027 Plangintza hidrologikoaren aurkezpena - Presentación planificación hidrológica 2022-2027