Europako Batasuneko erabakiguneetan Euskadiri hitza eta botoa bermatzearen garrantzia nabarmendu du Garamendik

Argitalpen-data: 

Euskadiri Europar Batasuneko (EB) erabakiguneetarako sarbidea bermatzea eta foro horietan hitz egiteko eta botoa emateko aukera izatea autonomia erkidegoaren eskumeneko gai guztietan garrantzitsua dela azpimarratu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak. Olatz Garamendik adierazi duenez, estaturik gabeko nazioek eta konstituzio-eskualdeek Europaren eraikuntzan duten parte-hartzea gainditu gabeko gaia da oraindik ere, eta aldi berean EB indartsu baten alde egin du, balio partekatuekin eta aniztasuna errespetatuz.

 

Garamendik Donostiako Miramar Jauregian parte hartu du gaur UPV/EHUren udako ikastaroaren irekiera ekitaldian. Bertan Didier Reynders Europako Justizia komisarioak eta Pilar Llop Espainiako Justizia ministroak ere parte hartu dute. Bere hitzaldian, Sailburuak Europa sendo bat eraikitzearen aldeko apustua berretsi du, non guztiok eroso eta ordezkatuta sentituko garen, herritarrengana gehiago hurbilduko den, azken finean ez bakarrik estatuetako gobernuei soilik entzungo dien Europa bat.

 

Ildo horretan, Europar eredu horretan Euskadik eta konstituzio-eskualdeek, errealitate nazionalak edota legegintza eskumenak aplikatzen dituzten eskualdeak garen aldetik, “zeresan handia dugu arlo horretan eta ekarpenak egin ditzakegu”, gaineratu du Garamendik. Sailburuaren esanetan, Euskadiren etorkizunaren zati handi bat herrialde gisa  Europan jokatzen ari denez eta jokatuko denez, “erabakigune horietara iristeko eta horietan eragiteko aukera izan behar dugu, erabaki horiek hartzen diren leku berean”. Amaitzeko, euskal autogobernua sakontzen eta garatzen jarraitzearen alde egin du, “Europarantz proiektatzeko bokazio argiarekin”.

 

Europaren eraikuntza zenbait ardatzen inguruan sostengatzearen alde egin du Garamendik: aniztasuna errespetatzen duen eta joera uniformatzaileetatik aldentzen den Europar Batasun soziala; Europa lehiakorra, industria politika propioa duena; Europa jasangarria, klima aldaketaren aurkako borroka gidatuko duena; pertsonen eskubideak bermatuko dituen Europa solidarioa; eta Europa politikoa, berau osatzen duten herriak eta kulturak errespetatuko dituena.

 

Sailburuak gogorarazi du Europaren Etorkizunari buruzko azken Konferentzian egiaztatu dela Europako herritarrek ez dutela Europa federalago bat finkatzeko inolako beldurrik, "aitzitik beldur hori Estatuengan berengan dagoela ikusarazi da".

Informazio gehiago