Uraren Euskal Agentziak Euskadiko Kantauriar Arroen Plan Hidrologikoa jendaurrean jarri du

Argitalpen-data: 

Deba ibaia iturburutik gertu
  • 2022-2027 plangintza-ziklorako berrikusitako Plan Hidrologikoaren Proiektua da
  • Era berean, Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren Proiektua eta Lehorteen Plan Berezia (2022-2027) jendaurrean jarri dira

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak ekainaren 21eko EHAAn argitaratu du 2022-2027 aldirako Plan Hidrologikoaren informazio eta kontsulta publikorako aldia ireki izanaren iragarkia. Plan horretan, Euskadiko Kantauriar Arroetan uren arloan jarduteko oinarriak jasotzen dira.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Plan Hidrologikoaren Proiektua da, EAEko Barne Arroen eremuan, 2022-2027 aldirako, eta kontsulta publikoan eskuragarri izango da sei hilabetez. Uren arloko plangintza-prozesua da, eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrologikoa deituriko arroen eremuan uraren arloan jarduteko jarraibideak, araudia eta neurriak ezartzen ditu. Eremu horretan biltzen da Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 85 baino gehiago.

Plan Hidrologiko horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen Lehorteen Plan Bereziaren proposamena ere jasotzen da, balizko lehorteen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-eraginak minimizatzea helburu duena.

Era berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikorako Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana aurreikusten da. Kasu honetan, jendaurrean jartzen da 3 hilabetez. Helburua da uholdeei aurre egiteko irizpideak eta jarduketak zehaztea, bai eta uholdeen aurreko erresilientziaren arloan egin beharreko inbertsioen denbora-programazioa ere.

Oharra: Uraren Euskal Agentziak Euskadiko Kantauriar Arroen Plan Hidrologikoa jendaurrean jarri du (DOCX, 115 KB) (leiho berri batean irekitzen da)