Udako ikastaroa: erronkak lehen sektoreko LAPean eta haren balio-katean 2019-2025


Uztailaren 21ean inauguratu zen UPV/EHUren Udako Ikastaroa, OSALANek eta Azti Fundazioak antolatuta. Ikastaroa lehen sektorean laneko arriskuen prebentzioan dauden erronkei buruzkoa da.

2020an, lehen sektoreko istripuen intzidentzia 57,99 izan zen, hau da, sektoreko 1.000 langiletik 58k baja eragin zuen istripu bat izan zuten (546 arin, 11 larri eta 2 hilgarri). Baina, urtea hasi denetik, lau istripu hilgarri gertatu dira lehen sektorean gure erkidegoan. Horietako hiru zura ustiatzen ari ziren (bi, zuhaitza erortzeagatik zapalduta, eta bat, langileak erabiltzen zuen makina iraulita), eta beste bat, gidatzen zuen traktorea iraulita. 54, 51, 27 eta 58 urteko lau gizonezko hil dira.

Horregatik, eta plan espezifikoen aplikazioak arrisku-iturriak ezabatzen, murrizten eta/edo kontrolatzen laguntzen duela jakinik, OSALAN Eusko Jaurlaritzako beste arlo batzuekin koordinatuta ari da lanean, hala nola Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurmena, eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Arloarekin, prebentzio-jarduerak sektoreko adar eta orientazio tekniko-ekonomiko guztietara eta haren balio-kate osora (nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza, itsas eta basogintzako egurra) irits dadin.

Lan hori "Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Katerako Laneko Segurtasun eta Osasunaren Estrategia Sektorialean (2019-2025)", zehaztu zen. Estrategia hori segurtasuna eta osasuna sektore horien iraunkortasunaren funtsezko ardatzetako baten moduan finkatzeko gida eta tresna pragmatikoa da.

Osalaneko zuzendari nagusiak bere hitzaldian esan zuen bezala, "Alde guztien artean erronka eta desafio garrantzitsuei aurre egiten saiatzen ari gara, hala nola lehen sektore jasangarri, seguru eta osasuntsu bat garatzen laguntzea, lan-prozeduren garapenean eta hobekuntzan aurrera eginez, eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan profesionalak gaitzea eta ezagutza behar bezala ustiatzea, arriskuak egokiago kudeatzeko eta emaitza hobeak lortzeko".

Lan horren zati bat Ikastaro honek betetzen du; izan ere, aurkezpenak dioen bezala, alde batetik, batera jarduteko estrategiei balioa eman nahi zaie, eta, bestetik, hausnarketarako eta hobekuntzak egiteko espazioak eta dauden esperientziak aprobetxatzeko espazioak sortu nahi dira, eta, batez ere, etorkizunean sor daitezkeen arrisku-egoera berriei eta desberdinei eraginkortasunez aurre egiteko politikak eta jarduerak ezartzen lagunduko duten tresnak diseinatzen lagundu nahi da.