Tabakalera, Europako Bauhaus berriaren bazkide ofiziala izateko hautatua izan da

Argitalpen-data: 

Europako Bauhaus Berria Europar Batasunak pandemiari aurre egiteko abian jarritako planaren baitako proiektua da. Ingurumen-, ekonomia- eta kultura-arloan Europar Batasunaren errekuperazioa du xede.

Tabakalera aukeratu dute ekimenaren bazkide estrategiko moduan proiektuaren diseinu-fasean parte hartzeko, Estatu mailan inoiz aukeratua izan den lehen kultur zentroa delarik.

Tabakalerak Europako Bauhaus Berria ekimenaren inguruko jardunaldia antolatuko du udaberrian, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzarekin lankidetzan.

Tabakalera aukeratu du Europako Batzordeak Europako Bauhaus Berria-ren bazkide estrategiko izateko. Ekimena Next Generation EU planaren baitako proiektu estrategikoetako bat da, COVID-19 pandemiaren aurrean Europar Batasunaren berreskurapenerako funts masiboa, hain zuzen ere. Europako Bauhaus Berria ingurumen-, ekonomia- eta kultura-proiektu bat da, eta diseinua, jasangarritasuna, irisgarritasuna, eskuragarritasuna eta inbertsioa uztartzea du helburu, Europako Itun Berdea betetzen laguntzeko. Europako Batzordeak abian jarritako ekimena eguneroko arazoei erantzunak eta konponbideak ematen saiatzen da, lankidetza-ereduak bultzatuz, eta zientziaren eta teknologiraren, artearen, kulturaren eta gizarteratzearen arteko mugak eraitsiz.

Proiektuaren hasierako aurkezpena egin ondoren, irailaren 16an, Europako Batzordeak EB osoko bazkideak hautatzeko deialdia ireki zuen 2021eko urtarrilean. Bazkide horiek sustatzaile edo solaskide nagusi gisa jardungo dute ekimenaren garapen osoan, eta ekimenaren diseinuan parte hartuko dute. Europako Bauhaus Berriko bazkideen ezaugarria irismen handia eta beren ibilbide eta espezializazioagatik aintzatetsiak izatea da.

Ekimen hau Euskadin zabaltzeko eta lankidetza-aukerak antzemateko Tabakalerak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean, hitzaldi bat antolatuko du udaberrian Europako Bauhaus Berria (NEB) ekimenaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordean duen ordezkaritzarekin lankidetzan. Foro hori ez da kultur sektorera soilik zuzenduko, baizik eta NEBen esparruan inplika daitezkeen guztietara, hala nola arkitekturara, ingurumenera, gizarteratzera/gizarte-eragileetara edo sektore teknologikora, besteak beste.

Tabakalerak, Euskadiko sorkuntzarako azpiegitura nagusietako bat den heinean, herritarrak garrantzia sozialeko gaiak aztertzeko inplikatuko dituzten sorkuntza-proiektuen bidez egingo du bere ekarpena, hala nola Europako Bauhaus Berria ekimenak berak planteatzen dituenak: eten digitala, jasangarritasuna edo inklusioa.

Gizartearen zerbitzura dagoen esperimentazio-laborategi gisa, Tabakaleraren lan-ildo nagusietako bat zientzia, artea eta teknologia gurutzatzen dituena da. Ildo hori beste sektore batzuetako eragile nahiz instituzioekin jorratzen da, hala nola, Donostia International Physics Center, Tekniker, Aranzadi edo Basque Culinary Center-ekin.

Horren erakusgarri da Supraspectives proiektua, kutsadura espazialaren arazoa aztertzen zuen ekoizpen artistikoa. Berlingo Quadrature bikoteak (Juliane Gotz eta Sebastian Neitsch) egin zuen, Ars Electrónica, Donostia International Physics Center eta Medialab Tabakalerako astronomia hiritarraren talde irekiarekin lankidetzan.

Era berean, Tabakalerak Erro(re)tik proiektua garatzen ari da. Proiektu hori Carasso Fundazioak hautatu zuen 2020an, kultur praktikak aniztasunetik eta zainketetatik lantzeko eta Why Not Fundazioarekin eta Artaziak Koop.-ekin elkarlanean gauzatzen ari da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ekimenaren aurkezpenean adierazi zuenez, "ez da soilik ingurumen- edo ekonomia-proiektu bat: Europarentzat kultur proiektu berri bat izan behar du (...). Horregatik sortuko dugu Europako Bauhaus Berria, elkarrekin sortzeko espazio bat, non arkitektoek, artistek, ikasleek, ingeniariek, diseinatzaileek elkarrekin lan egingo duten hori gerta dadin".

"Pandemiaren ostean elkarbizitza nola hobetu dezakegun aztertzeko proiektu itxaropentsua da. Europako Itun Berdea pertsonengandik eta etxeetatik hurbilago eramatean datza, iraunkortasuna eta estiloa uztartuz. Adimen sortzaile guztiak behar ditugu: diseinatzaileak, artistak, zientzialariak, arkitektoak eta herritarrak, arrakastatsua izan dadin".

Informazio gehiago:

Europako Bauhaus Berriaren webgunea

Europako Batzordearen prentsa-oharra

Tabakaleraren prentsa-oharra

prentsa@tabakalera.eus
943 011 311
www.tabakalera.eus