SPRIk ezagutzera eman du Europako Batzordeak daukan industria-estrategia Europako ETEetan trantsizio energetiko-klimatikoa eta teknologiko-digitala bultzatzeko

Argitalpen-data: 

Cristina Oyónek, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendariak, Europako Batzordearen Estrategia Industriala aurkeztu du gaur. Estrategia horren bidez, Europako Batzordeak azpimarratu nahi du beharrezkoa dela Europako industria-sareari -bereziki ETEei- laguntzea trantsizio energetiko-klimatikoan eta teknologiko-digitalean. Oyónek mintegi batean parte hartu du Bilbon, Batzordeari bere estrategia industrialaren inguruko aholkularitza ematen dion Foro Industrialeko kide bezala.

Bilboko Euskalduna Jauregiak ostatatu ditu Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak (Eurobasque) antolatutako mintegiak, “Europaren Etorkizuna” izeneko Konferentziaren barruan kokatzen direnak. Hainbat mahai-inguru eta elkarrizketa egin dira, Europako txoko guztietako herritarrek aukera izan dezaten Europaren etorkizunaren eraikuntzari buruzko ideiak plazaratzeko.

Jardunaldi honetan aztergai izan da Next Generation EU Suspertze Plana, zeina Euskadirentzako eta kohesiorako aukera gisa aurkeztu baita.

Cristina Oyónek parte hartu duen mahai-inguruan hizpide hartu dira trantsizio ekologikoa eta eraldaketa digitala, biak ere funtsezkoak suspertze-prozesurako eta Europako plana finkatzeko. Trantsizio bikoitz hori da, hain zuzen, Europako Estrategia Industrialaren giltzarrietako bat. Europako Batzordeak 2020ko martxoan aurkeztu zuen estrategia hori, osasun krisia eta hark ekarri duen krisi ekonomikoa lehertu baino lehentxeago.

Harrezkero, Batzordeak berrikusi egin ditu hasieran planteatutako helburuak, eta horretarako aholkulari izan du Foro Industriala, zeinetan Eusko Jaurlaritzak parte hartzen baitu “Vanguard Initiative” Europako eskualde-sarearen ordezkari bezala. Berrikuspen horretan, Batzordeak nabarmendu du beharrezkoa dela laguntza ematea Europako industriari trantsizio energetiko-klimatikoan eta teknologiko-digitalean, batez ere ETEei, Europako industria-ehunaren % 99 osatzen dutelako.

Batzorde horrek 14 industria-ekosistema hartu ditu analisiaren oinarritzat, eta orain Foro Industrialarekin ari da lanean trantsizio bikoitzerako (transition pathways) behar diren eta ekosistema bakoitzaren beharrei egokituko zaizkien laguntzak diseinatzen.

Cristina Oyón ez eze, Bilbon izan dira baita ere Europako Batzordeko Presidenteordearen Laguntza Kabineteko buru Manuel Szapiro, Basque Centre for Climate Change-BC3 zentroko Mikel González eta Eskualdeen Batzordeko kide Anne Karjalainen.

INFORMAZIO GEHIAGO