Euskal Herriko, Kataluniako eta Extremadurako lankidetza-agentziek ahaleginak koordinatuko dituzte Kolonbiako Bakerako Sistema Integralarekin batera

Argitalpen-data: 

Topaketa Bartzelonan antolatu da Taula Catalana per la Pau i els Drets Humans erakundeak Kataluniako gobernuaren babesarekin antolatutako jardunaldien esparruan

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (eLankidetza), AEXCID Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Extremadurako Agentzia eta Kataluniako Generalitateko Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia bildu egin dira gaur goizean, Bartzelonan, Kolonbiako Egiaren, Justiziaren, Erreparazioaren eta Berriz ez gertatzearen Sistema Integraleko arduradun gorenekin.

Hiru administrazio autonomikoak beren zuzendariek (eLankidetzako Paul Ortega, AEXCIDeko Jose Angel Calle eta Kataluniako Generalitateko Lankidetzako zuzendari orokor Josep Desquens, hurrenez hurren) ordezkatu dituzte, eta hiru administrazioak ere modu koordinatuan ari dira lanean Bakerako Sistema Integralari emango zaion babesa zabaltzeko, sistema bera osatzen duten erakundeen bidez: CEV Egia argitzeko, Bizikidetzarako eta Berriz ez gertatzeko Batzordea, UBPD Desagertutakotzat emandako Pertsonak Bilatzeko Unitatea eta JEP Bakerako Jurisdikzio Berezia.

CEVeko komisionatu Carlos Martín Beristainek justizia trantsizionalean sistema integral batean modu artikulatuan aurrera egiteko garrantzia nabarmendu du, horrek ez baitu parekorik munduan. Atzerrian biktimengan gatazkak izandako inpaktuaren errekonozimenduak ere ez du parekorik. Ildo horretan, erbesteko biktimen bi mila lekukotza hartu dira eta hori, Beristainen ustez, ezinezkoa izango zatekeen nazioarteko lankidetzarik gabe, hau da, Euskal Herriko, Extremadurako eta Kataluniako lankidetzarik gabe, besteak beste. CEVen txostena aurkeztu ondoren, "egiaren lanak denboran iraun egin behar duela" adierazi du.

UBPDko zuzendari Luz Marina Monzón-ek nabarmendu duenez, bake-akordioa herrialdearen agenda publikoan atxikitzea lortzen du Sistema Integralak. Biktimak dira hartzaileak, eta erkidegoek eta nazioarteko lankidetzak laguntza eskaintzen dute lurraldean presentzia eta babesa izateko. Adierazi duenez, herri indigenek esaten duten bezala, "lurraldeak sendatu egin behar dira" eta horren zati da bilaketa.

Zigor egokiak ezartzea, eta indibidualki eta kolektiboki ez errepikatzea bilatzen du bakerako justiziak. Akordio osoak planteatzen dituen eraldaketa estrukturalekin batera joan beharko du, horrenbestez. JEPeko presidente Eduardo Cifuentesek auzitegiaren osaeraren garrantzia nabarmendu du, Kolonbian lehen aldiz emakumezko magistratuek osatzen baitute gehiengoa, eta erkidego indigenetako eta aforkolonbiarretako ordezkariak ere biltzen ditu. Nazioarteko lankidetza eskatu du biktimei erreparazioa eskaintzeko ekimenak babesteko, ete JEPen eraginpeko 5.000 gudari ohiak ekimen horiekin konprometitu beharko dira euren aldetik.

Desquensek aurrerapausoak eta erronkak onartu ditu, eta "Sistemarekiko babes politiko eta teknikoa mantentzea gaur egun ere beharrezkoa dela" adierazi du. Ortegak gehitu duenez, “kolaborazioak eta sareak hazarazteko borondatea dago” lankidetza deszentralizatuaren balio gehituan sakonduz, malguagoa eta hurbilagokoa izan dadin. Callek, bere aldetik, Kolonbiako bake-prozesua "nazioarteko erkidegoaren ahanzturan ez erortzea" oso garrantzitsua dela uste du, puntu hori azpimarratuz.

Hiru lankidetza-agentzien ustez oso interesgarria da beren lana hiru gobernuetako erakundeei gehitzea Kolonbiako bakerako, baita gizarte zibil antolatuari dagokionez ere.

Kolonbiari buruzko gogoeta kritikoko XIX. Jardunaldiak

Topaketa Taula catalana per la Pau y es Drets Humans a Colòmbia erakundeak antolatutako Kolonbiari buruzko XIX. Jardunaldien esparruan gertatu da, non Bake Akordioen egoera aztertuko den akordio horiek sinatu izanaren bosgarren urteurrena betetzen den honetan. Hiru egunez eta hogei pertsona gonbidatu baino gehiago bertan daudela, gobernuak eta FARC-EP indarretako gerrillak sinatutako akordioaren inplementazioari buruz eztabaidatuko da, gogoeta egingo da eta horren inguruko lehen eskuko informazioa ekarriko da. Sistema Integraleko hiru erakundeetako arduradunek justizia trantsizionalaren bide-orriak partekatuko dituzte aurreikusitako mahaietako batean.