Kontsumitzaileen Mundu-Eguna ospatzeko Kontsumobidek hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu: maskarak nola botatzen ditugun aztertzeko, eta plastikoaren kontsumoa murrizteko beharra azpimarratzeko.
Plastikoz osatutako maskara batek 400 urte inguru behar ditu desintegratzeko.
Aldatu zure ohiturak, eta baztertu hondakinak era egokian. Kontsumo arduratsua eta kontzientea behar dugu plastikoek eragindako kutsadura murrizteko.
Gaur Kontsumitzailearen Eskubideen Mundu-Eguna da. 2021. urte honetan, 2020an bezala, pandemia kontrolatzeko ezarritako osasun-murrizketek eragingo diote ospakizunari, eta Kontsumobidek baztertu egin du ekitaldiak kalean egitea edota jende asko bildu dezakeen ekitaldiak egitea.
Zergatik eta noiztik ospatzen da egun hori?
Atzera egin behar da, 1962. urtera arte, egutegiko data hori zergatik hautatu zen jakiteko. Urte hartan, John F. Kennedy presidente estatubatuarrak, bere herrialdeko Kongresuaren aurrean, kontsumitzaileen eskubideak babestea ardatz nagusi zuen lehendabiziko hitzaldia eman zuen.
Agintari nagusiaren mintzaldia esaldi gogoangarri batekin hasi zen: “Kontsumitzaile terminoak, definizioz, denok biltzen gaitu” (“Consumers, by definition, include us all”). Eta denok horrek betebehar berezi bat zekarkion gobernuari; hain zuzen, talde horren premien eta interesen berri izatea, eta oinarrizko eskubideak baliatzeko aukera bermatzea: segurtasuna, informazioa jasotzeko eskubidea, hautatzeko eskubidea eta entzuna izateko eskubidea.
Aurrerago, lehengo Kontsumitzaile Elkarteen Nazioarteko Erakundeak (IOCU) eta gaur egungo Kontsumitzaileen Nazioarteko Elkarteak (Consumers International - IC) erabaki zuen egun hori hautatzea, 1983an lehendabizikoz ospatzeko Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu-Eguna. Entitateak 120 herrialdetako 240 erakunde baino gehiago biltzen ditu gaur egun, eta lanean dihardu, NBEk egun hori nazioarteko egunen egutegi ofizialean sar dezan lortzeko.