Javier Hurtado sailburua: "Eraldaketa digitala kontsumo-modu berrien motorra da, baina ez da gure erabakietan eragina duen faktore bakarra

Argitalpen-data: 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok "Kontsumo modu berriak" jardunaldia inauguratu du gaur. Jardunaldia Kontsumobidek antolatu du eta Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoetako (KIUB) profesionalei, kontsumitzaileen elkarteei eta Kontsumobideko langileei zuzenduta dago.

Kontsumo modu berriek erronka berriak sortu dituzte, eta kontsumo-eragileek erronka horiei aurre egin behar diete kontsumitzaileen eskubideak babesteko. Eraldaketa digitalak aldaketa sozialak sortarazten ditu, erosteko lekutik harago doazenak eta gure portaerarekin eta kontsumoari buruzko gure ikuspegiarekin zerikusia dutenak. Horixe da, hain zuzen ere, jardunaldi honetan hizpide izango duguna. Jardunaldia kontsumitzaileen babesean sakondu nahi duten informazioaren eta komunikazioaren arloko profesionalei ere irekita dago,

Sailburuak gogorarazi duenez, COVIDaren krisialdi honek eragina izan du lehendik finkatzen ari ziren kontsumo-aldaketa askotan. “Kontsumitzaileek hainbat erronkari aurre egin behar izaten zieten, eta aurre egin behar izaten diete, hala nola salmenta-modu berriei, produktu berriei, ordaintzeko tresna berriei eta kontsumo-ohituren bilakaerari. Aldaketa azkarrak dira, eta horietara modu arin eta informatuan egokitu behar gara, hain zuzen ere, erabakitzeko dugun autonomia ez galtzeko ".

Eraldaketa digitalaz gain, beste funtsezko faktore batzuk daude gure kontsumo-esperientzia aukeratzeko orduan, hala nola, kontsumitzaileen kontzientzia eta kontsumo arduratsuari buruzko sentsibilizazio handiagoa, ingurumenarekiko gero eta kezka handiagoa; jasangarritasuna; ordutegien berehalakotasuna eta banaketa desberdina; enpresen gardentasuna eta jardunbide egokiak; ongizatea eta osasuna; segurtasunarekiko obsesioa, eta kontsumo-modu berrien osagai diren beste zenbait.

 "Egoera honetan", nabarmendu du sailburuak, "Kontsumobideren, KIUBen, kontsumitzaileen elkarteen eta sektoreko eragile eta profesional guztien eginkizunak garrantzi handia hartzen du. Ez soilik erreklamazioak jasotzeko orduan (funtsezko zeregina dena) baizik eta prestakuntza eta informazioarengatik, eta kontsumo arduratsuarekin lotutako sentsibilizazioa eta kontzientziazioarengatik. Kontsumitzaileek euren eskubideak eta betebeharrak ezagutzera eta horiek gauzatzera bideratutako kontsumo mota da, baina jakitun izan behar gara gure kontsumitzeko moduak eraiki nahi dugun mundua baldintzatzen duela. Gaurko gure kontsumoa gure biharko mundua izango da " esaten amaitu du.

Sailburuaren hasierako hitzen ondoren, SER kateko Código de Barras programaren zuzendari eta kazetari espezializatu Ana Fuentesek kontsumo-modu berriei buruz hausnartu du. Ondoren, mahai-inguru bat egin da. Bertan izan dira Manu Viota, Ertzaintzako Delitu Informatikoen Atal Nagusiko burua,  Iñaki Velasco, EKA/ACUVren abokatua eta Patricia Suárez, ASUFIN erakundearen sortzailea eta presidentea. Jardunaldia Olga Santamaria Kontsumobideko hitzaldiarekin amaitu da.