Itun berde europarraren espiritua Bilbon aktibatu da Itun Berdea Gunean

Argitalpen-data: 

Europar Batasunak 2019ko abenduan proposatutako Europako Itun Berdea edo European Green Deal mekanismo nagusienetakoa da EBko kide diren herrialdeei krisitik ateratzen eta etorkizun jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Itun Berdea Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea ahalbidetuko duen hazkunde-estrategia da.

Testuinguru horretan, Euskadirentzat garapen inklusiboa eta jasangarriaren beharra azaltzeko, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal Gunea sortu du: urtea amaitu baino lehen euskal hiriburuetatik igaroko den foroa, Europako itun berde horren espiritua zabaltzeko.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuak inauguratu du gaur goizean Zazpikaleak geltokian azaroaren 28ra arte klimaren aldeko hedapen eta jarduera foroa hartuko duen gunea. Barredok Euskadiko ekonomia eta ingurumen ibilbide-orria nabarmendu du, 2019ko uztailean Glasgowko COP 26an berretsi duen neutraltasun klimatikoaren aldeko konpromisoa hartu zuen Europako lehen eskualdeetako bat. Sailburuak gogorarazi du euskal gizarteak bat egiten duela garapen inklusibo eta iraunkorraren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuarekin, HERRITARREN JARRERAK INGURUMENARI BURUZ azterlanak erakusten duen bezala.

Barredoren esanetan, “klima-aldaketaren agendan denok gaude inplikatuta, eta modu aktiboan parte hartu behar dugu, azelerazio eta intentsitate handiagoa behar dugulako, bai eremu publikoan, bai banakako ekintzetan”.

ERAKUSKETA:

Erakusketa ia sei metro luzeko ilustrazio handi batek osatzen du. Ilustrazio horrek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek nola eragiten duten Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztian. Standak gai hauei heltzen die: energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra.

Erakusketan etengabeko informazioa dago, standetan eta liburuxketan, honako gai hauen inguruan: emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra (hondakinak baliabide-iturri gisa erabilita), energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikadura-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarria lortzeko.

Basque Green Dealen standak gonbidatu egiten gaitu jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakiei buruzko gogoeta egitera. Posible da etxeko esparruan ere efizientzia-irizpideekin, energiaren zentzuzko kontsumoarekin, hurbileko produktuen kontsumoarekin, berrerabilerarekin eta birziklapenarekin bat egitea.

Informazio gehiago