- Nazioarteko online topaketa hori eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatutako proiektu baten emaitza da, eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 4. Helburuari (GIH) erantzuten dio: kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea.
- Proiektua 2018an hasi zen, eta zenbait erakundek garatu dute: Euskadiko HAMKeko taldeak eta HAMKen ANCEFA Afrikako sareak (Africa Network Campaign on Education for All), HAMKen Afrikako 3 koaliziorekin batera: Senegal, Burkina Faso eta Beninekoak.
- Hauek dira Euskadiko HAMK taldea osatzen duten erakundeak: Educo Fundazioa (erakunde koordinatzailea), Ayuda en Acción - Ekintzaz Lagundu, Derandein, Egoaizia, Elkar Hezitzen, FISC Cooperación y Desarrollo, InteRed Euskal Herria, Itaka Eskolapioak eta Zabalketa.
“Gizarte-eraldaketarako Hezkuntzaren erronkak: Afrikako eta Euskadiko begiradak” izenburupean, onlineko nazioarteko topaketa egingo da maiatzaren 25ean eta 26an Bilbon, gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren erronkak lantzeko. Hain zuzen ere, bertan azalduko da zer-nolako esperientziak eta trukeak egin diren gai horren inguruan Euskadiren eta Afrikako hiru herrialderen artean (Senegal, Burkina Faso eta Benin).
Euskadiko HAMKeko taldearen eta ANCEFAren (kanpaina horretako Afrikako sarearen) artean 2 urtetik gora egindako lanaren emaitza da nazioarteko topaketa hori. Izan ere, denbora horretan hainbat ekintza garatu dira, gizarte zibilari Hezkuntzarako Eskubidea defendatzeko eta sustatzeko gaitasuna areagotzera bideratuta.
Euskadin, hezkuntza-komunitateari bideratutako ekintzak egitean eta hezkuntzarako eskubidea sustatzean eta aldarrikatzean ardaztu da proiektua. COVID-19ak zailtasunak ekarri zituen arren, Euskadiko dozena bat ikastetxe mobilizatzea lortu zen Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Astearen (HAMA) inguruan. #IrakaspenikOnena goiburutzat hartuta, konfinamendu-garaian ikasitakoa partekatu zuten, eta hausnarketa egin zuten gai interesgarri bati buruz: nola lagundu dezakeen hezkuntzak krisi honetatik indartuta ateratzen. Besteak beste, “Gogoetarako guneak” antolatu ziren, batetik, lehen eskutik ezagutzeko zein izan den pandemiaren eragina hezkuntzaren testuinguruan, eta bestetik, hobetzeko proposamenak jasotzeko, ikasleen eta irakasleen esperientzian eta ahotsean oinarrituta.
Afrikan, HAMKen Afrikako koalizioak sustatzera bideratu dira jarduerak; alde horretatik, aipagarria da “Hezkuntza emantzipatzailea Afrikan” (gaztelania) (euskara) txostenaren argitalpena, ROCAREren (Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrikarako Hezkuntzaren Ikerketa Sarea) lankidetzarekin egina. Txosten hori lehen aldiz aurkeztuko da Bilboko topaketan, eta bertan, agerian jartzen da zeinen garrantzitsua den eskualde horretako hezkuntza-jardun eta pentsamendu eraldatzailea. Horrez gain, gai horren harira Senegalen, Ruandan, Etiopian, Malin eta Madagaskarren egindako hainbat esperientzia biltzen dira.
Nazioarteko topaketa horrek elkartrukerako, hausnarketarako eta ikaskuntzarako gune izan nahi du honako hauen artean: HAMKeko hiru koalizio afrikarrak, HAMKen Afrikako eskualde-sarea (ANCEFA), Euskadiko HAMKeko taldea, HAMKen Espainiako koalizioa, Euskadiko hezkuntza-komunitatea, hezkuntzaren alorrean diharduten GGKEak eta herritarrak, oro har.
Ekitaldia online formatuan izango da, eta maiatzaren 25ean hasiko da, Afrikaren egunarekin bat eginez. Honako hauek inauguratuko dute ekitaldia: Pilar Orenes, Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainako Espainiako koordinatzailea eta Educoko zuzendari nagusia eta Solange Akpo, ANCEFAko (Africa Network Campaign on Education for All) bitarteko eskualdeko koordinatzailea eta Capacity Building Manager-a.