Gaia klusterrak berrikuntza jasangarriko proiektu europarretan parte hartzen lagunduko die euskal enpresei

Argitalpen-data: 

Gaia Elkartea berrikuntza jasangarria bultzatzen duen irabazi asmorik gabeko Greenovate Europe erakundearen Zuzendaritza Batzordean sartu da

Gaia, Euskadiko Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen klusterra, duela gutxi sartu da Greenovate Europe elkartearen Zuzendaritza Batzordean. Greenovate Europe irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, egoitza Bruselan duena eta berrikuntza jasangarria bultzatzea helburu duena. Batzorde horretan sartu delarik, GAIAk enpresa-aukerak sustatuko ditu bere bazkideentzat berrikuntza jasangarriaren sektorean, “eta, horrezaz gain, aliantzak dinamizatuko ditu eta arretaz zainduko du Europako Batzordeak trantsizio energetiko-klimatikoaren arloan egiten duen guztia” diote Gaia-ko kideek.

Behin sartu ondoren bio-ekonomia, jasangarritasun eta berrikuntza sozialaren arloetan erreferenteak diren Europako 25etik gora erakundez osatutako Greenovate Europe elkartean, euskal klusterrak bere bazkideen presentzia indartu ahal izango du nazioartean erreferentziazkoak diren sareetan, eta bidea erraztuko die errazago parte har dezaten ekonomia berde eta zirkularraren bidez trantsizio energetiko-klimatikoa bultzatzen duten proiektu eta estrategia europarretan.

Greenovate Europe osatzen duten erakundeek ikerketa eta berrikuntzaren balio-kate osoa barne hartzen dute: hasi ikerketa zentroetatik eta talde industrialetara, berrikuntzako aholkularietara eta komunikazio agentzietara. GAIA ez eze, elkarteko kide dira orobat Frantzia, Holanda edo Grezia bezalako herrialdeetako beste 5 kluster.

Elkarte horren helburu nagusia da ingurumen eta gizarte arloetan jasangarria den ekonomia bat sortzea Europan, horretarako jasangarritasun proiektuak garatuz, ikertzaileak eta euren emaitzak babestuz eta laguntza zuzena emanez enpresa eta administrazioei, beren gain hartu ditzaten ingurumen arloko erronkak.

SPRI Taldeak Euskadiko kluster eta aurreklusterrak koordinatzen ditu 15 pertsonatik gorako lantalde baten bidez, eta talde horren zeregina da komunikazio ireki eta bideratzailea mantentzea kluster eta aurreklusterren ekintza-planen jarraipena egitean.

Sortu zirenetik, klusterrak hobekuntza-prozesu batean sartuta egon dira, baina orain beren kudeaketa beste esparru batera dago bideratuta: beren ekintza-esparru estrategikoen gaineko ekintza-planak inplementatzeko lankidetza-piramidea pixkanaka garatzera.

Beren helburua da beren kideen arteko lankidetza sustatzea kluster bakoitzaren erronka estrategikoei aurre egiterakoan, ETEak indartzera bideratutako estrategia argi baten barruan.

Informazio gehiago