Hemendik aurrera, euskal enpresek errazago eskuratu ahal izango dituzte nazioarteko lizitazio publikoak, Nazioartekotzeko Euskal Agentzia (Basque Trade & Investment), SPRI Taldean integratua, erosketa publiko berritzailearen nazioarteko behatokia abian jartzeari esker.
Erosketa Publiko Berritzailea kontratazio publikoaren bidez berrikuntza sustatzen duen administrazio-jarduera bat da. Merkatuan lehen aldiz sartzen diren ondasun eta zerbitzu berriak erosi nahi dira; erakunde lizitatzaileek enpresen eskura jartzen duten bitarteko bat da, irtenbide berritzaileak gara ditzaten; aukera bikaina da erronka berriei aurre egiteko, horrek dakartzan arriskuak minimizatuz.
Erakundeek berrikuntza sustatzeko tresna eraginkor gisa hartu dute sistema hori. Horretarako, erosketa publikoaren aurrekontuaren ehuneko bat bideratzen dute proiektu berritzaileetara, erakunde horiek antzemandako beharrei erantzun ahal izateko. Hauek dira bere helburu nagusiak:
Zerbitzu publikoak hobetzea, ondasun edo zerbitzu berritzaileak sartuz.
Enpresa-berrikuntza sustatzea.
Berrikuntzaren nazioartekotzea bultzatzea, tokiko merkatu publikoa merkaturatzeko bezero edo erreferentzia gisa hartuta.
Basque Trade & Investment, SPRI Taldearen barruan dagoen Nazioartekotzeko Euskal Agentziak proiektu pilotu bat jarri du abian, IPZren aukerak Europar Batasunaren esparruan monitorizatzeko eta euskal enpresen artean zabaltzeko. Monitorizatutako proiektuak batez ere osasunaren eta energiaren sektoreetakoak dira.