Eusko Jaurlaritza aurrera doa garapenerako lankidetzaren euskal lege berri batekin

Argitalpen-data: 

Gaur goizean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua bildu da Gasteizko Europa Jauregian, non lankidetzaren euskal lege berriaren aurreproiektuaren zirriborroa eztabaidatu den. “Euskadi martxan” 2020-2024 Gobernu Programak garapenerako lankidetzaren euskal lege berri bat egiteko eta onartzeko konpromisoa hartzen du. Legeak testuinguru globalak sortzen dituen erronken arabera egungo legea berrikusi eta handituko du.

Prozesua urtarrilean hasi zen, indarrean dagoen legeari buruzko azterketa baten sozializazioarekin. Ondoren, hainbat eragilerekin kontraste espazioak sortu dira, hala nola EAEko eta estatuko erakunde publikoekin, GGKEekin, ikasketa eta teknologia zentroekin, erakunde feministekin eta LGTBI+ elkarteekin, migratzaile taldeekin, Nazio Batuko agentziekin edo hezkuntza arloko eragileekin.

2007n, Eusko Legebiltzarrak Garapenerako Lankidetzaren Legea onartu zuen. Lege hori euskal elkartasunerako eta lankidetzarako aterki legala izan da, justizia sozialaren eta pobretutako herrialdeen garapenaren alde. Hala ere, lankidetzaren erronkak nabarmen aldatu dira. Paul Ortega, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren arabera, “krisi sistemiko, interdependente eta konplexua den testuinguru global baten aurrean gaude, eta egoerak lankidetza egiteko modu berriak eskatzen ditu”.

Horrela, lege berriarekin bilatuko da “Euskadiren konpromiso solidarioa indartzea, gizarte antolatu eta aktibo baten bidez; erakunde publikoen giza garapen iraunkorraren aldeko inplikazioa areagotzea, eta askotariko eragileak bildu eta haien arteko aliantzak bultzatzea”, azaldu du Ortegak.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua organo aholku-emailea da, eta Eusko Legebiltzarreko, administrazio publikoetako, GGKEetako, gizarte mugimenduetako, unibertsitateetako eta teknologia zentroetako kideak biltzen ditu. Kontraste fasea eta dagokion izapide fasearen ondoren, Gobernu Kontseiluak lege-aurreproiektua onartu eta Legebiltzarrera bidaliko du.

Informazio gehiago esteka honetan