Euskadiko eta Kataluniako garapenerako lankidetzaren agentziek giza eskubideen urraketa salatzen dute, Kolonbiako protesta sozialen esparruan

Argitalpen-data: 

Kolonbiako giza eskubideen urraketa larria ikusirik, non Nazio Batuek salatu duten gehiegizko indarra erabili izana zerga-erreformako proiektuaren aurka protestatzen ari ziren manifestarien kontra, Kataluniako eta Euskadiko garapenerako lankidetzaren agentziek adierazi nahi dugu oso kezkatuta gaudela indarkeria erabiltzeagatik eta muturreko tentsio sozialeko egoera bat bizitzen ari garelako, Bake-itunak sinatu zirenez geroztik bost urte igaro direnean.

Bi agentziak elkarlanean ari gara proiektu batean, Kolonbian Egia, Justizia, Erreparazio eta Ez Errepikatzeko Sistema Integrala bultzatzeko gure ekintzak koordinatu nahian, eta horrela, herrialdean bakea eraikitzeko modu eraginkorrago batean laguntzeko. Cali hirian gertatutakoak zailago egiten du elkarrizketaren aldeko koordinazio eta osagarritasunerako gune bat eraikitzeko ekimen konplexua, eta hori ezinbestekoa da bake seguru bat bermatzeko.

Nazio Batuek egiaztatu dutenez, herrialdean apirilaren 28an hasitako mobilizazioei erantzuteko, segurtasuneko agenteak gehiegizko indarra erabiltzen ari dira, bala errealen, kolpeen eta atxiloketen bitartez, hori guztia oso testuinguru aldakor batean, erailketa, desagertze eta sexu-indarkeriarekin.

Gauzak horrela:

  • Biktimei eta haien familiei gure elkartasuna adierazten diegu.
  • Kolonbiako Gobernuari eskatzen diogu elkarrizketa eta kontzertaziorako guneak ezar ditzala herrialdeak egun bizi duen krisia gainditzeko, eta horrela bake-eraikuntzaren bidean aurrera egiteko, mobilizazioak bultzatzen dituzten aktore eta agente sozialen aniztasun osoa aintzat hartuz.
  • Kolonbiako Estatuari eskatzen diogu neurriak har ditzala herritar zibilei beren eskubideak baliatzeko aukera bermatzeko, modu baketsuan protestatzeko funtsezko eskubidea errespetatzeko, eta horrela protestatzen dutenen osotasun fisikoa, askatasunak eta eskubideak babesteko.
  • Kolonbiako erakunde publikoei eskatzen diegu, gertatutako giza eskubideen urraketen arduradunak ikertu, judizializatu eta zigortzeko ekintzak abian jar ditzatela, inpunitatea galarazteko eta horrelakorik ez errepikatzeko berme gisa.

 

”Indarkeriak arazo sozial gehiago sortzen ditu konpontzen dituenak baino”

Martin Luther King