Europaren etorkizunari buruzko Biltzarra 2021-2022 . Bost erronka: Europa bat

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak eta EuroBasque Europako Mugimenduak herritarrei eta euskal gizarte zibilari irekitako hausnarketa-prozesu bat jarri dute abian, eta prozesu horren emaitza Europaren etorkizunari buruzko Konferentziari egindako ekarpenaren oinarria izango da.

Eusko Jaurlaritza, Europaren Etorkizunari buruzko Biltzarrak iraungo duen hamabi hilabete hauetan zehar, berriz ere eragile aktiboa izango da Europaren integrazio-prozesuan. Europaren etorkizunari buruzko Biltzarraren helburua da Europako herritarrei eta gizarte zibilari dei egitea, Europaren integrazio-prozesuaren historian lehen aldiz, eztabaidetan eta elkarrizketetan parte har dezaten, beren iritzia eta ideiak adierazteko, Europaren etorkizuna definitze aldera.

Lehendakariak, Europar Batasunean ireki den etapa berri honetan, eta botere legegileak dituzten Europako 14 eskualdetako presidenteek, RLEG ekimenean bilduta, idazki bat bidali zieten joan den maiatzaren 3an Europako Batzordeko, Europako Parlamentuko, Europako Kontseiluko eta EBko Kontseiluko presidenteei, Europaren Etorkizunari buruzko Biltzarra egingo zela eta. Bertan, eskualdeen botere legegileek protagonismo handiagoa eta parte-hartze zuzena izatea eskatzen da, bai eta eskualdeen legegintza-prozesuan protagonismo handiagoa izatea ere.

Eurobasque

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, Europako Etorkizunari buruzko Biltzarrarekin hasi den Europar Batasunaren erreforma-prozesu berriaren aurrean, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluarekin batera, hausnarketa-prozesu bat abiarazi du, lau mintegiz osatua, herritarrei eta euskal gizarte zibilari irekia, Europar Batasunean etorkizun komuna definitzen laguntzeko.

Mintegi horien bitartez, Europar Batasunaren etorkizunerako funtsezkoak diren bost erronkari helduko zaie: Europarako Berreskuratze Plana, munduko geopolitika, Europako gobernantza, Europa soziala eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna. Bost erronka: Europa bat.

Euskal gizartearen hausnarketa-prozesu horren emaitza izango da Europaren etorkizunari buruzko Biltzarrari egingo zaion ekarpenaren oinarria, Europako erakundeek horretarako sortutako plataforma digitalaren bitartez.

Lehenengo jardunaldia ekainaren 22an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bere eztabaida-gaia "Europako Berreskuratze Plana: krisiari erantzun federala ematea" izango da. Bertan, Europar Batasunak 800.000 milioi euro baino gehiagorekin hornitutako Berreskuratze Planaren xehetasunak eta Euskadirentzat dituen finantzaketa-ildo nagusiak eta aukerak aztertuko dira. Jardunaldiak ekonomiaren, trantsizio berdearen eta eraldaketa digitalaren arloko lehen mailako adituak izango ditu, bai eta ordezkari instituzionalak, akademikoak eta gizarte zibileko hainbat erakunde eta parte hartzeko interesa duten herritarrak ere.

Hurrengo hilabeteetan, 2022ko udaberrira arte, beste hiru jardunaldi egingo dira, gai hauei buruz:

Europa geopolitikoa eta EBren zeregina munduan,
Europako gobernantza eta Euskadik EBn duen eginkizuna,
Europa anitza eta solidarioa.
Jardunaldiak hiru lurralde historikoetan egingo dira, eta aurrez aurre parte hartzeko aukera emango dute, baina baita ekitaldiak telematikoki jarraitzeko eta sare sozialen bidez ekarpenak egiteko aukera ere.

Eusko Jaurlaritzak eta EuroBasquek parte hartzera animatzen dute, eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartzen dute, euskal herritarren ahotsa Europako Biltzarrera irits dadin, bere aberastasun eta aniztasun guztiarekin, eta kontuan har dadin Europar Batasunaren bilakaera berrian. Prozesu horren emaitza hainbat dokumentu eta argitalpenetan bistaratuko da, jasotako ekarpenak oinarri hartuta.

INFORMAZIO GEHIAGO