Europak Basque Digital Innovation Hub saritu du euskal ETEen eraldaketa digitala bultzatzeko egin duen lanagatik

Argitalpen-data: 

Tapiak sari-banaketa ekitaldian esan du Euskadi prest dagoela bere indarrak batzeko beste herrialde batzuekin eta “konfiantza digitala sortzeko Europako industria adimendunean”

Arestian, BDIHk Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-en aitortza jaso du, zeinak digitalizazio-politikaren eredutzat jarri baitu

Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak gaur adierazi du Euskadi prest dagoela bere indarrak batzeko beste herrialde batzuekin eta “konfiantza digitala sortzeko Europako industria adimendunean”. Tapiak telematikoki parte hartu du Europako Batzordeak antolatzen duen urteroko DIHs konferentziako DIHnet Champions Challenge sari-banaketa ekitaldian, non saritua izan baita Basque Digital Innovation Hub (BDIH), hots, Euskadiko I+G-ko teknologia- eta azpiegitura-eskaintza publiko-pribatua.

Digital Innovation Hubs DIHnet sare europarrak ematen duen sari horrek aitortza egiten die Europako ETEen eraldaketa digitala bultzatzeko eskualde mailako ekimenei.

Arestian, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-ek aitortu du Basque Digital Innovation Hub tresna egokia dela konponbide digital eta jasangarriak probatu eta baliozkotzeko, eta Eskualdeen Batzordearen azken osoko bilkuran aipamen berezia egin zion eraldaketa digitala bultzatzeko euskal ekimen honi. Von der Leyen-ek eredutzat jarri zuen Eusko Jaurlaritzak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) proiektuaren bitartez garatzen duen digitalizazio-politika.

Arantxa Tapiak bere hitzaldian adierazi du “Basque Digital Innovation Hub proiektuaren xedea dela datu-espazio ziberseguruen garapen eta inplementazioan espezializatzea, horrela Adimen Artifizial seguru eta fidagarria garatu eta aplikatzeko Euskadiko eta Europako industrian”.

Zentzu horretan, gaineratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela euskal industriari balio-kate digital globaletan sartzen laguntzea, horretarako datu-truke zibersegurua ziurtatuz, Euskadiko eta Europako enpresei behar duten azpiegitura eskaintzea euren konponbideak garatu eta probatu ditzaten, eta azpiegitura azkar eta seguru bat ematea Zibersegurtasunean eta Adimen Artifizialean espezializatutako Europako DIH zentroei, Euskadiko berrikuntzaren ekosistemari lotutako fabrikazio adimenduneko produktu eta zerbitzu berriak garatzeko.

Informazio gehiago