EUDELek laguntza emango die Euskal Udalei susperraldi- eta eraldaketa-planetarako Europako Funtsak lortzeko prozeduretarako prestatzen

Argitalpen-data: 

Gorka Urtaran elkarteburuak esan duenez, Udalak “prest gaude Funtsak jasotzeko” eta “gainerako erakundeen arteko estrategia bateratuak udalerriekin bat egin behar du”.

 

Estatuak Bruselara igorri nahi duen planari dagokionez, EUDELeko elkarteburuak “gobernantza eredu berri bat” eskatu du, udalerriek, funtsen banaketan ez ezik, diseinuan ere parte har dezaten “proiektuak ditugu eta udalaren ahotsa entzun egin behar da. Lehiakorrak izateko prestatzen ari gara, gure herrien eta hirien eraldaketa jasangarri eta erresilientea gauzatu ahal izateko “.

 

2021eko apirilaren 26an. Gaur goizean, EUDELek webinar bat antolatu du 300 udal-arduradun politiko eta teknikari baino gehiagorekin, 36/2020 Errege Lege-dekretuaren gakoak emateko. Arau hori estatu osorako izango da, eta kontratazio-, dirulaguntza-, kudeaketa- eta aurrekontu-mekanismoak arautuko ditu Europako hurrengo laguntzetan.

 

Informazio-saioa martxoan egindako lehenengoaren jarraipen gisa sortu zen, eta, horren bidez, hurrengo hilabeteetan euskal udaletan sortuko diren galderei aurrea hartu nahi die EUDELek. Baliteke lehenengo deialdiak uda baino lehen aktibatzea, eta Euskadiko Udalen Elkarteak udalei lagundu nahi die aldez aurretik prestatzen, sortzen diren aukera guztiak ahalik eta ondoen baliatzeko.

 

Webinarraren irekieran, Gorka Urtaran elkarteburua euskal udalerrientzako informazio, aholkularitza juridiko eta kontsulta esklusiboen arretarako zerbitzua eskaintzeko EUDELen ekimenaz aritu da. Europako laguntzen eta programen newsletterra aipatu du, esaterako; buletinak toki-erakundeentzako deialdi guztien “radar” gisa funtzionatuko du, eta zerbitzua udalen beharretara egokituko da.

 

Apirilean, estatuko gobernuak Bruselara igorriko duen planaren dokumentua aurkeztu du. “Planaren inguruko ziurgabetasunaren aurrean, eta horri aurre egiteko”, Gorka Urtaranek esan du EUDELek prozeduren inguruko “informazioa eman, argitu eta udalei lagundu” nahi diela, funtsei irtenbidea ematen zaienean “azkarrak eta eraginkorrak” izateko, estrategia abiatu aurretik.

 

EUDELen elkarteburuaren arabera, euskal udalak “prest gaude Europako Funtsak jasotzeko”, eta gainerako maila instituzionalekin bateratutako estrategiak “udalerriekin bat egin” behar duela eta “udal ahotsa” entzun behar dela azpimarratu du.

 

Urtaranen esanetan, “Estrategia bateratuak, lehenik eta behin, susperraldiaren S hizkia izan behar du, bai, baina, batez ere, eraldaketaren E hizkia”. Horretarako, Estatuko Gobernuak ezarritako 2023ko ekitalditik haragoko “denbora-muga” bat ezartzea eskatu du, Europak funtsak 2026ra arte gauzatzeko aukera ematen duelako. “EUDELen eskutik, udalak lehiakorragoak izateko prestatzen ari gara, gure herri eta hiriek behar duten eraldaketa jasangarri eta erresilientea gauzatu ahal izateko“.

 

Horrela, Gorka Urtaranek Europaren susperraldi- eta erresilientzia-mekanismoa egituratzen duten politikak aipatu ditu. Politika horiek udal-eskumen asko hartzen dituzte barne, hala nola ura eta saneamendua, auzoen berroneratzea, etxebizitzen birgaitzea, mugikortasuna eta garraioa, administrazioaren modernizazioa eta digitalizazioa, berdintasun-politikak eta gizarte-zerbitzuak eta gizarteratzea.

INFORMAZIO GEHIAGO