ETSk ikusmen urritasuna duten pertsonentzako Navilens gida sistema ezarriko du Bilboko 3. linean, Txorierrin eta Tranbian

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako Navilens informazio-sistema ezarriko du datozen hilabeteetan Bilboko metroaren 3. linean, Txorierrin eta Bilboko tranbian.

Erakunde publikoko kontratazio-mahaiak Neosistec S.L.-ri esleitu dio berriki kontratu honen egikaritzea. Kontratuaren zenbatekoa 199.210 eurokoa da, lau hilabeteko epea du gauzatzeko, eta sistema hamabi hilabetez mantentzea barne hartzen du.

Euskal Trenbide Sareak, Metro Bilbaorekin batera, ikusmen urritasuna duten pertsonak geltokietan gidatzeko aplikazio mugikor baten proba pilotu bat hasi zuen iazko abenduan. Soluzio hori QR motako seinaletika berri batean oinarritzen da. Seinaletika horrek, kamera eta Interneterako konexioa duen gailu mugikor baten bidez, seinaleak distantzia handi batetik irakurtzeko aukera ematen du, edozein argiztapen-baldintzarekin eta irakurketa-angelurekin.

Egindako probek ONCEren Euskadiko Lurralde Ordezkaritzaren oniritzia jaso zuten maiatzean. Txostenean, ONCEk hau adierazi zuen: “Teknologian oinarritutako informazio-tresna bikaina da gidatzeko, baina, ibilbide horietan itsuen autonomiarako duten eraginkortasuna eta beharra ere frogatu duten eta hain teknologikoak ez diren beste bitarteko batzuekin batera bizi beharko du”.

Besteak beste, pertsona guztientzat eskuragarri dagoen seinale digitala da. Denbora errealean eta urrunetik eguneratu daiteke eta 33 hizkuntzatan dago eskuragarri.

Txorierrik eta Bilboko tranbiak batzen dituzten 30 geltokietan ezarpen-lanak egin ondoren, ekimen hori probatu gura duten guztiek NaviLens aplikazioa  deskargatu beharko dute, doan.

Behin telefono mugikorrean instalatuta eta aplikazioa irekita, QR kodeak erabiltzailea mugimenduan dagoelarik atzeman daitezke; beraz, ez da ezinbestekoa mugikorra eskuan eramatea. Irakurtzeko gaitasuna 20 metro artekoa da, eta ez da beharrezkoa fokatzea.

Aplikazioa eskuragarri dago IOS eta Android sistemetarako. Euskarazko informazioa lortzeko, AhoTTS aplikazioa deskargatu behar da, testua ahots bihurtzeko sistema, edo Text-to-Speech, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aholab ikerketa-taldeak garatua. Androiderako bakarrik dago eskuragarri.