BAMM aitzindaria da Europa mailan galdaketarako moldeen fabrikazioan, 3D inprimaketa-teknologia erabiliz

Argitalpen-data: 

Teknika berri honen bidez, Bizkaiko 'start up' ak produktu aurreratuagoen diseinua garatzen du bere geometria eta kalitate akabera hobetuz, eta pieza bakoitzaren ekoizpen epeak laburtzen ditu

 

Bilbao Additive Mold Manufacturing (BAMM) start up bizkaitarra 2020an sortu zen, Guivisak bultzatuta, eta, urtebete eta gero, aitzindaria da Europa mailan, moldeak fabrikatzeko teknologiari esker. 3D BinderJeting inprimaketaren bidez, orain arte erabiltzen ziren moldeak berriz diseinatzen ditu eta, 1.700mm x 1.000mm x 800mm-ko lan-azaleran, modeloak eta ardatzak hondarrean inprimatzen ditu fundizioetarako.

 

Teknologia berri honek hainbat hobekuntza eskaintzen ditu moldeen fabrikazioan. “3D BinderJeting inprimaketarekin, produktuak hiru egunetan fabrikatzen dira, gaur egungo teknologiaren bidez batez beste 40 egun behar diren bitartean. Halaber, moldekatze-metodo baten bidez galdaketa bakar batean ere lortu ezin diren geometriak eta akabera kalitatea lortzen dira, hori guztia eraginkortasuna hobetuz”, azpimarratu du Ignacio de la Peña BAMMeko zuzendariak.

 

Bizkaiko enpresa merkatu partzialean sartzeko fasean dago une honetan, elkarlanean ari den aliatuekin batera, bere fundizioetan teknologia garatzeko. “Oraintxe bertan, gure baliabideen % 40 produktua saltzeko fabrikaziora bideratzen ditugu”, adierazi du BAMMeko zuzendariak.

 

“Baliabideen beste %60 teknologiaren potentziala aztertzera bideratzen ditugu. Atal honi eskaintzen dizkiogu SPRIk bultzatutako Hazitek programatik jaso ditugun berrikuntzarako laguntzak “, azpimarratu du Ignacio de la Peñak. Gaur egun, bost pertsonek osatzen dute ‘start up’ eko plantilla.

 

Baliozkoa sektore guztietarako

 

3D BinderJeting inpresioaren potentziala oso handia da. “Sektore guztietan aplika daitekeen teknologia da, eta horietako bakoitzean funtzio berriak aurki ditzakegu: denbora oso laburrean lortu ahal diren balbulen edo pieza industrialen ordezko piezak, prototipoen garapena, orain arte beren geometriengatik egiteko ezinezkoak ziren galdaketako piezen fabrikazioa”, nabarmendu du Ignacio de la Peñak.

 

Enpresak bere lehen urratsak trenbidearen, balbulen eta automobilgintzaren sektoreetan ematen ari da. “Gure teknologia berria izanik eta hainbeste diseinu, geometria eta pieza berriekin lan eginez, gure lana ez da soilik hondar moldeak edo galdaketa konplexuko piezak saltzea, baizik eta galdaketa-enpresei, diseinatzaileei eta azken osagaien ingeniariei teknologia horren abantailak erakustea. 3D inprimaketarekin esperimentatzen dutenean, denbora kontua da teknologia berritzaile honetarako aplikazio berriak sortzen joatea”, azpimarratu du. Gainera, une honetan EAEko, Estatuko eta Frantziako hegoaldeko galdaketa-enpresetan ari da lanean nagusiki.

 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Hori dena Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako programen bidez lortzen da, eta horien informazioa hemen dago eskuragarri.

INFORMAZIO GEHIAGO