Ursula von der Leyen-ek Euskadiren eraldaketa digitala nabarmendu du Europako 200 ekimenen artean

Argitalpen-data: 

Eskualdeetako Batzordearen osoko bilkuran, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-ek eredutzat jarri du Eusko Jaurlaritzak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) proiektuaren bidez garatzen duen digitalizazio-politika

Eskualdeetako Batzordearen osoko bilkuran, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen-ek eredutzat jarri du Eusko Jaurlaritzak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) proiektuaren bidez garatzen duen digitalizazio-politika, eta aipamen berezia egin dio eraldaketa digitala bultzatzeko euskal ekimenari. Europako arduradun nagusiaren aipamen hori bereziki garrantzitsua da, Europan badaudelako eskualde eta herrialdeek bultzatutako 200dik gora ekimen Euskadiko Digital Innovation Hub-en helburu bera dutenak.

SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari eta ekimen honen arduradun Cristina Oyónek azaldu duenez, Basque Digital Innobation Hub ekimenaren bitartez, euskal ETEek sarbidea dute zentro teknologiko, unibertsitate nahiz enpresen I+G zentroetako eskaintza teknologikora eta azpiegituretara. Eskaintza hori enpresen zerbitzura jarritako aktiboen katalogoan dago, SPRI Taldearen web orrian. Aktibo horiekin lotutako zerbitzuak arlo hauetakoak dira: Fabrikazio gehigarria, Robotika malgua, Makina adimendunak eta konektatuak, Zibersegurtasuna eta Material aurreratuak.

Euskadiko Digital Innovation Hub Eusko Jaurlaritzaren apustu berritzaile bat da, zeinaren helburua baita “leihatila bakarra” sortzea euskal enpresen eraldaketa digital eta jasangarria ahalbidetzeko. BIDHk lau urte daramatza martxan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen da. Jaurlaritzak eskaintzaren katalizatzaile-lana egiten du, bere gain hartuz eskaintza hori konpainietara helarazteko konpromisoa. Horretarako, SPRIk -proiektuaren kudeatzaileak- BDIH-Konexio programa abiarazi du, zeinak dirulaguntzak ematen baititu BDIHren eskaintza ezagutzen duen agente teknologiko espezializatu batek enpresa eskatzaileari lagundu diezaion balizko konponbide digitalak probatzen, “test before invest” zerbitzua eskainiz (halaxe deitu dio Europako Batzordeak zerbitzu horri). Ondoren, enpresek beren negozioa hobetu edo lehiakorrago egiteko konponbideak txerta ditzakete.

Eraldaketa digitaleko euskal estrategiak oinarritzat hartzen du Basque Digital Innovation Hub, konponbide digital eta jasangarriak probatzeko eta baliozkotzeko tresna delako. Europako Batzordeko presidenteak balioan jarri du estrategia hori, aitortza eginaz ekimena osatzen duten 21 bazkideei eta Jaurlaritzak azken lau urteetan eginiko dinamizazio- eta koordinazio-lanari.

Informazio gehiago