SPRI taldeak lideratutako adituen nazioarteko taldeak aztergai du nola eragin dion osasun-krisiak emakumeen egoerari industrian

Argitalpen-data: 

Topaketak Women in Manufacturing Aditu Taldearen lehen saioaren barruan egin dira.

11 herrialdetako 17 adituk, SPRI Taldeak lideraturik bere Ekimen Estrategikoetako arduradun Cristina Oyónen bitartez, aztergai izan dute emakumeek industrian bizi duten egoera eta gomendio batzuk finkatu dituzte genero-desberdintasunak orekatzeko, azken helburua delarik industria sektorea etorkizun jasangarriago eta digitalago baterantz bultzatzea osasun-krisiaren ondoren. Topaketak Women in Manufacturing Aditu Taldearen lehen saioaren barruan egin dira.

Aditu Talde horretan elkartzen dira nazioarteko erakunde garrantzitsuetako (OECD, UNIDO, Europako Batzordea, IPAG, EFFRA, IndustriAll) 6 kide, akademiako 4 ordezkari eta enpresa pribatuetako 7 ordezkari.

Aditu Taldearen lehen saioan batzarrak eta banan-banako elkarrizketak egin dira. Taldekide guztiek adierazi dute industria berriak beharrezkoa duela emakumeen potentzial ustiatu gabea, hortik ateratzeko Covid-19-aren krisiak dakarren disrupzio ekonomikoa gainditzeko behar den talentua. Egiaztatu da emakume gutxi ari dela industrian, langileen %30 baino ez, eta ehuneko hori hainbat txikiagoa dela zenbat eta erantzukizun-maila handiagoa izan, enpresetako zuzendaritza-karguetako %9 baino ez baitira emakumeak.

Aditu Taldea aztertzen ari da zeintzuk diren emakumeek industrian sartzeko aurkitzen dituzten hesiak, hala nola sektore horren erakargarritasun eza, ikasketa teknikoekiko interesik eza, lan-baldintza zurrunak eta “beirazko sabaia”. Bizi dugun osasun-krisia neurriz kanpoko eragina izaten ari da emakumeengan, bestela ere oro har baldintza txarragoetan lan egiten duten arren. Alta, ikusi da emakumeek lidergoaren beste ikuspegi bat agertu dutela larrialdi eta itxialdi sasoian, eta kasu askotan ikuspegi hori emaitza operatibo hobeak ematen ari dela. Aditu Taldea berriro elkartuko da irailean, ikasitako lezioak, aukerak eta gomendioak proposatzeko.

“Back to the Future: Manufacturing Beyond Covid-19” proiektuaren gai nagusietako bat da Women in Manufacturing ekimena, helburutzat duena diziplina anitzeko liburu zuri bat sortzea jardunbide egokienak nabarmentzeko eta etorkizuneko jarduera-ildoen gomendioak eskaintzeko Covid-19aren osteko fabrikazio-paradigman. Proiektuaren ondorioak eta gomendioak World Manufacturing Forum-en hurrengo mundu topaketan aurkeztuko dira Italian, azaroaren 11n eta 12an.

World Manufacturing Forum plataforma ireki bat da eta helburutzat dauka kultura industriala hobetu eta zabaltzea mundu osoan, berdintasun ekonomikoa eta garapen jasangarria bermatzeko tresna bezala. WMF erakundeak berrikuntza eta garapena sustatzen du manufaktura sektorean, oinarrizko helburutzat harturik nazio guztien lehiakortasuna hobetzea, manufaktura sektorean funtsezkoak diren eragileen arteko elkarrizketa eta lankidetzaren bitartez.

Informazio gehiago