SPRI Taldeak doako aholkularitza ematen die euskal enpresei atzerrian dituzten langileen lanerako itzultze-fase honetan

Argitalpen-data: 

Konpromisoa dago gehienez 48 orduan erantzuteko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak zerbitzu hori eskaintzen duen 70etik gora herrialdetan

 

SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) aholkularitza-zerbitzu berri bat eskaintzen die euskal enpresei atzerrian dituzten langileak lanera itzultzen hasten direnerako, eta konpromisoa hartu du 48 orduko epean erantzuteko. Guztiz doakoa den zerbitzu honek bere baitan hartzen ditu Kanpo Sarera biltzen diren 70etik gora herrialdeak (horietatik 16 bulego propioarekin).

 

Enpresak lanera itzultzeaz batera handitu egin dira euskal enpresak nazioarteko merkatuetan aplikatu behar dituen protokolo, neurri eta zerbitzuen inguruko kontsultak. Zentzu horretan, Nazioarteko Euskal Agentziak lehendik ematen zituen zerbitzuak indartu ditu, eta konpromisoa hartu du gehienez 48 orduan erantzuteko.

 

Hona hemen eskaintzen diren zerbitzu batzuk: bulegoetan lanera itzultzeko barne-protokoloak ematea; teknikariek beste herrialde batzuetara joan behar badute, egin beharreko tramiteez, sarrera protokoloez eta murrizketez informatzea; edo beste herrialde batzuetan zerbitzuak eman ditzaketen enpresak bilatzea, langileek hara joan beharrik izan ez dezaten (hasi garraio eta mezularitza zerbitzuetatik eta langile teknikoetaraino).

 

Horrelako laguntza edo informaziorik behar izanez gero, enpresek euren kontsultak helaraz diezazkiokete Basque Trade & Investment agentziako lantaldeari www.basquetrade.eus webgunean aurkituko duten inprimakia betez. Erantzun bat jasoko dute 48 ordu baino gutxiagoan, agentziaren sarera biltzen diren 70etik gora herrialdeetako bulegoen nahiz ordezkarien bidez.

Informazio gehiago