Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Brexit Trade Helpdesk zerbitzua abiarazi du eta lehenbailehen informatzea gomendatzen du

Argitalpen-data: 

Brexit-ari buruzko aholkularitza-zerbitzu berria euskal enpresentzat

 

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak “Brexit Trade Helpdesk” abiarazi du eta lehenbailehen informatzea gomendatzen du

Basque Trade & Investment-Nazioartekotzeko Euskal Agentziak arreta- eta aholkularitza-zerbitzu berri bat jarri du martxan euskal enpresentzat, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteten denean sortuko den testuinguru berriari buruz informatzeko. Enpresei laguntzeko arlo horretako ekimenei gehitu behar zaie Brexit Trade Helpdesk izeneko zerbitzua, agentziak Londresen duen kanpo bulegotik koordinatuko dena.

Zerbitzu berri horren helburua da erantzun azkarra ematea euskal enpresei laster iritsiko den irteeraren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eskaintzen dituen zerbitzuei nobedade bat gehituko zaie hemendik aurrera, hots, Department for International Trade (Erresuma Batuko Merkataritza Ministerioa Bilbon) bulegoaren lankidetza, erantzun hobea emateko inprimaki, telefono bidezko arreta eta FAQen bidez.

Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak (SPRI Taldean integratua) euskal enpresei gomendatzen die informatu daitezela lehenbailehen, jakiteko nolako eragina izan dezakeen Brexit-ak Erresuma Batuarekin dituzten negozioetan.

Une honetan, EB eta Erresuma Batua akordio bat negoziatzen ari dira bi alderdien arteko etorkizuneko harremana arautzeko, eta onartzen bada, 2021eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Ez bada akordiorik onartzen, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtengo da abenduaren 31n. Hortik aurrera hirugarren herrialde batek duenaren pareko harremana izango du Europar Batasunarekin eta horrek ondorio garrantzitsuak izango ditu enpresa nahiz hiritarrentzat.

Edozein dela ere negoziazioen emaitza, garrantzitsua da irteera ongi prestatzea eta hartu beharreko neurriak garaiz hartzea, hau da, aduanetako tramite berriak egin beharko dira, zerbitzu logistikoak egokitu beharko dira egoera komertzial berrira, eta ongi jakin beharko da nolako ondorioak izango dituen irteerak zergetan nahiz produktuen zertifikazioan. Ondorioz, Erresuma Batuarekin harreman komertzialak dituzten enpresak lehenbailehen prestatu beharko dira Erresuma Batuarekin beste era batean lan egiten hasteko.

Koordinazioa Bilboko Department for International Trade (Erresuma Batuko Merkataritza Ministerioa) bulegoarekin

Nazioartekotzeko Euskal Agentzia etengabe dago harremanetan Erresuma Batuko Merkataritza Ministerioak Bilbon dituen langileekin, euskal enpresak behar bezala informatzeko eta aholkatzeko

Informazio gehiago