Lehendakariak Euskadiko eta munduko euskal herritar guztien alde lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du

Argitalpen-data: 

Lehendakaria migratzaile guztiei omenaldia egiteko Euskal Diasporaren Egunean antolatutako ekitaldiaren buru izan da
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur Euskal Diasporaren Eguna dela eta Ormaiztegin antolatu den ekitaldiaren buru. Euskal Diasporaren Eguna irailaren 8an ospatzen da urtero migratzaile guztiei omenaldia egiteko, eta hirugarren edizio honetan Jose Maria Iparragirreri aipamen berezia egin zaio. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak eta Ormaiztegiko eta Urretxuko alkateak.

Ekitaldi instituzionalean, bideo bat proiektatu da, eta, Ormaiztegin izan den txistulariaren doinura dantzariak aritu dira Txile, Suitza, San Frantzisko, Salt Lake City, Buenos Aires, Mar del Plata, Cañuelas, Reno, Montevideo, Boise, Sydney eta Madrildik. Ondoren, Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek Iparragirre eta bere emaztearen arteko elkarrizketa bat antzeztu dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gernikan kargua hartu ondorengo lehen ekitaldi publikoan, munduko euskaldun guztiei zuzendu zaie, Herri honen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa azalduz, "Euskadiko eta munduko euskal herritar guztien alde". Lehendakariak Jaurlaritzaren jarduna aurkezten diren migrazio-errealitate berrietara egokitzearen garrantzia azpimarratu du, bai eta Euskal Etxeen sarea babestu eta sustatzearena ere. Ildo horretan, Urkullu lehendakariak "gure etxeko atea jotzen ari diren" herrialdeei atea irekitzearen alde agertu da, euskaldunak beste herrialde batzuetan hartu dituzten bezala.

Ospakizuna Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan egin da. Kultura gune horretan ikusgai dago 1842an "Leopoldina Rosa" fragata Ameriketara bidean hondoratzeari buruzko erakusketa. Hondoratze horretan euskal emigrante asko hil ziren itota, eta erakusketak XIX. mendeko euskal emigrazioei eta egungo migrazio-fenomenoari buruzko gogoeta egiten du.

Era berean, ekitaldiak omenaldi keinu bat egin nahi izan die 2020an bat egiten duten bi efemerideei: Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta "Gernikako Arbola" ereserkia sortu zenetik 167 urte igaro direla; zeren eta Urretxuko bardoak ereserkia konposatu zuenerako, hamar urte baino gehiago emanda baitzituen berak ere emigrante gisa Europan eta Amerikan.

Bestalde, Munduko euskal etxe guztientzat, Eusko Jaurlaritzak bideo bat grabatzea proposatu die euskal etxeei, haiek egingo dituzten Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunak erakutsiz, eta Irailaren 13tik aurrera munduko euskal etxeek Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunak bilduko dituen bideo hori zabalduko da.

 

Informazio gehiago