Jupiterri misio zientifikoa laguntzeko euskal tresna

Argitalpen-data: 

Misio aeroespazialetan, satelitearen interferentzia magnetikoek, askotan, esperimentu zientifikoak egiteko erabiltzen diren tresnak oztopatzeko arriskua dute. Sener euskal enpresak, bere dibisio aeroespazialetik, magnetometroko masta zabalgarri (boom) bat diseinatu du hori gerta ez dadin. Tresna hau 2022tik aurrera erabiliko da Europako Espazio Agentziak (ESA) Jupiterrera prestatzen ari den misioan, planeta horren eta bere ilargi izoztuen -Europa, Kalisto eta Ganimedes- interakzioaren ezagutzan sakontzeko (misioa Juice, Jupiter Icy Moons Explorer, bezala ezagutzen da).

 

Hiru segmentu dituen ‘beso’ artikulatu moduko bat da masta hau. 10,6 metroko luzera du eta ESAren orain arte burututako proiektuen artean luzeena da. Bertan, bost tresna jarriko dira, uhinak karakterizatzeko bi esperimentu egiteko: bata uhin magnetikoena eta bestea irrati-uhinena. Magnetometroaren masta zabalgarriaren (boom) diseinu, fabrikazio, egiaztapen eta integrazio prozesu guztia Senerren esku egon da.

 

Duela gutxi amaitu da egiaztapena, eta misiorako aurreikusitako tenperaturak erreplikatzen dituzten klima eta huts-ganberetan egin da, eta masta osatzen duten azpisistemetako bakoitzarekin egin da: ‘beso’ hori hedatzea lortzen duten mekanismoak, lokailua eta askatzea bermatzen dutenak, karbono-zuntzak eta metalezko piezen artean itsatsitako loturak. Sistema horiek guztiak, esperimentuak egiteko bost tresnen kableatuarekin batera, Asuako (Bizkaia) Sener Aeroespazialeko instalazioetan integratu dira.

 

Proiektuak beharrezko baldintza zorrotzak bete ditu, besteak beste, muturreko tenperatura eta erradiazio mailak jasateko gaitasuna eta garbiketa magnetikoa. Sener Aeroespazialek lau proiektu garatu ditu Jupiterreko misiorako, eta 2022rako martxan jartzea aurreikusi dute.

Informazio gehiago