Jon Azkue: 'Covid-19ri aurre egiteko modu bakarra elkar hartuta lan egitea eta jarduera zientifiko-teknikoari laguntzea da'

Gaur goizean, Jon Azkue Laneko sailburuordeak "laneko Arriskuen Prebentzioa eta Covid 19" izeneko udako ikastaroa inauguratu du, Miramar Jauregian egingo dena, gaurko egunez eta bihar.                 

Sailburuordeak bere hitzaldian azpimarratu duenez, zalantzarik gabe, birus honek sortutako pandemiaren ondorioz, – COVID19ren agerpen klinikoez eta horrek osasun-sistemari ekarri dizkion erronkez gain – nabarmen aldatu ditugu gure bizimodua eta ohiturak, lan-eremuan gure jarduera moldatu dugu, eta horrek ezinbestean ekarri du egoerara egokitu behar izana enpresak, erakundeak, erauzketa-jarduerak, produkzio-jarduerak, irakaskuntza-jarduerak eta abar.

"Gure gizarteari, mundu osoari, "normaltasun berria " izenaz bataiatu dugun aro honi aurre egitea egokitu zaio. Egoera honek ezinbestean eskatuko du gizakia bere buruarekiko eta besteekiko adiago egon behar izatea, indibidualismoak ez baitu inor salbu jarriko, aurrera egiteko modu bakarra lana elkar hartuta egitea da, jarduera zientifiko-teknikoari laguntza irmoa emanez, eta, azken finean, bizitzan aurrera egitea balio etikoei merezi duten protagonismoa eskainiz", esan du Azkuek.

Oro har, ikastaroan, objektiboki aztertu nahi da gertatutakoa, ikuspegi zientifiko-unibertsitarioarekin, eta mahai gainean jarri Osalanek eta hainbat prebentzio-zerbitzuk erreferentziako Institutuarekin batera egindako lana laneko segurtasun eta osasunaren arloan. Orain arte ikasitakoari ere balioa eman nahi zaio, etorkizunean horrelako egoera errepikatuz gero balizko jarduera-ildoak zehazteko.

Eskuragarri dauden datu epidemiologiko ofizialak landuko dira, gertaeren bilakaera ezagutu ahal izateko, bai eta jarduera instituzionalerako erabilitako arauzko neurriak ere.

Bigarren jardunaldia Osalanek hainbat lan-eremutan gidatutako prebentzio-jardueren balioa nabarmentzeko izango da, bai ikuspuntu teknikotik, bai laneko osasunaren ikuspegitik, eta tartea emango zaie – ikuspegi zientifikotik – prebentzio-zerbitzuetatik eta elkarte zientifikoetatik lantokietan Osalanen informazio iturri modura jardun duten eragileei.

"Egokitu zaigun errealitate honek, espazio ezezagun eta hauskor batean jarri gaitu, ikuspegi sistemikoa eskatzen duena, babesteko, bizitzeko eta ezezaguna zaiguna gobernatzeko modu berrien beharra, informazio osatugabetik abiatuta.  Horretarako, adimen banatua ezinbestekoa dugu, autoantolaketa koordinatua eta, ahultasun orokor honen aurrean, gizarte-babesa areagotzea, helburu izanda berdintasuna, demokrazia, oparotasuna eta trantsizio ekologikoa ", esanez amaitu du sailburuordeak.