Ikerbasque eta EHUko ikertzaile batek Europako Gastroenterologiako Elkartearen sari bat jaso du

Argitalpen-data: 

UEG Rising Star Award 2020 sariak 40 urtetik beherako profesionalen ikerketa-jarduna aitortzen du

Urterik urte, año, United European Gastroenterology (UEG) National Societies deritzonaren Zuzendaritza Batzordeak eta Batzorde Zientifikoak Europako 6-8 ikertzaile sortuberri aukeratzen dituzte elkarrekin Rising Star sarien bitartez. 2020ko edizioan, irabazleetako bat UPV/EHUn lanean diharduen Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasqueko ikertzailea izan da.

Rising Star sariek, gastroenterologiaren arloan nazioarteko inpaktuko ikerketa garrantzitsuak abian dituzten Europa osoko kualifikazio handiko profesional gazteen (40 urtetik behera) kalitateko ikerketa-ibilbidea nabarmendu eta aitortzen dute. Era berean, plataforma bat eskaintzen die ikertzaile gazte hauei, beraien karrera profesionalean aurrera egin jarrai dezaten. Saria emateko ekitaldia Amsterdanen egingo da, eta irabazleek beren lanak ezagutzera emateko aukera izango dute.

Castellanos doktorearen esanetan, “UEGren Rising Star saria nire ibilbideari egindako Europa mailako aitorpena da. Sari honek nire ikerketak Europako Biltzarrean aurkeztu eta nazioarteko lankidetzan jarduteko aukera emango dit”.

Ainara Castellanos-Rubio 2010ean doktoratu zen UPV/EHUn. Haren tesiak gaixotasun zeliakoaren garapenarekin lotutako geneen analisia izan zuen ardatz. Columbiako Unibertsitatean (NY, USA) egindako bost urteko doktorego ondoko egonaldian, RNA luze ez-kodetzaileek erantzun inflamatorioan duten funtzioa ikertu zuen, eta 2016an Euskal Herrira itzuli zen. Azken hiru urteotan, genomako gune ez-kodetzaileetan (zabor-DNA) kokatutako gaixotasun inflamatorioen arrisku-aldaerak ikertu ditu nagusiki, patologia horiek eragiten dituzten mekanismo molekularrak zehazteko asmoz.

 

Informazio gehiago