Hungaria, Polonia eta Portugalgo hiru udalerri, tokiko jasangarritasuneko 2020ko Ekintza Eraldatzailearen saria jasotzeko hautagai

Argitalpen-data: 

Ekintza Eraldatzailearen Saria, 10.000 eurokoa, Euskadik, Danimarkako Aalborg hiriak eta ICLEI jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sareak sustatzen dute, eta Europako Eskualdeen Batzordearen laguntza du. Udalerri irabazlea datorren urriaren 1ean emango da ezagutzera, Alemaniako Mannheim hirian egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 9. Konferentzian.

Ekintza Eraldatzailearen Sariaren erakunde sustatzaileek –Euskadik, Danimarkako Aalborg hiriak eta ICLEI jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sareak, Europako Eskualdeen Batzordearen laguntzarekin– ezagutzera eman zituzten tokiko jasangarritasuneko ekimen onenaren aldeko saria eskuratzeko lehiatuko diren hiru udalerri finalisten izenak: Hungariako Alsómocsolád, Poloniako Katowice eta Portugalgo Loures.

Hungariako udalerriaren kasuan, “Gure ogi propioa jatea” izena du proiektuak, eta bere helburua da herriaren balio tradizionalak berreskuratzea tokiko ekonomian oinarritutako ekintza baten bidez, Alsómocsolád herriko biztanleek nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategi txikiak berreskura ditzaten.

Poloniako Katowice udalerriak “KATOobywatel” (biztanlea) proiektua aurkeztu zuen, garbia, berdea, estetikoa eta klimarekiko erresilientea den hiri bateko biztanleen beharrei erantzuteko. Gizarte zibil bat eraiki nahi du, bere inguruneaz arduratzen dena eta herritarrekin etengabeko harremana duena, kontzientziatzeko app, ekintza eta kanpainen bidez.

Azkenik, Portugalgo Loures herriaren proiektua uraren eta ibai-bideen kalitatea hobetzera bideratu da; horretarako, hainbat proiektu egin dituzte ura leheneratzeko eta kontserbatzeko, uraren kalitatea monitorizatzeko, biztanleak sentsibilizatzeko, ibai-bideen lotura egiteko eta jasangarritasunaren plangintzan eragile batzuen inplikazioa lortzeko. Emaitza gisa, ia 450.000 m2-ko ur-lerroak garbitu ziren 2018tik 2019ra bitartean.

Hiru udalerri finalistetako bat bakarrik izango da 2020ko Ekintza Eraldatzaile onenaren sariaren irabazlea, 10.000 eurokoa hain zuzen ere. Irabazlea datorren urriaren 1ean jakinaraziko da, Alemaniako Mannheim hirian egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 9. Konferentzian.

Informazio gehiago