Eusko Jaurlaritzaren gizarte-babeseko eredua nazioartean aintzatetsi dute

Argitalpen-data: 

Eskualde Batuen Erakundeak –ORU Fogar– euskal gizarte-ereduaren eta DSBEaren jardunbide egokiak saritu ditu, gizarte-kohesioko elementu gisa.

Beatriz Artolazabal sailburuak esan du sari hori “Euskadiko gizarte-ereduaren benetako babesa” dela.

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-babeseko ereduak Eskualdeetako Jardunbide Egokien IV. Saria jaso du; sari horiek urtero ematen ditu Eskualde Batuen Erakundeak –ORU Fogar–. Izen handiko saria da; haren bidez, urtero, kudeaketa publikoaren eremuan emaitza nabarmenak ekarri dituzten eta eskualdeetako beste gobernu batzuek eredutzat har ditzaketen bost jardunbide egoki aintzatesten dira.


ORU Fogar Eskualde Batuen erakundea da – Eskualdeetako Elkarteen Foro Globala. 2007an eratu zen, parlamentuetan tarteko gobernuen ahotsa izateko, gobernu nazionalen aurrean eta nazioarteko instantzia guztietan.


Eusko Jaurlaritzak, Euskadin, pobreziari aurre egiteko diru-sarrerak bermatzeko errenta sustatzeko egin duen ahalegina aitortu du sariaren epaimahaiak. Aintzatespen horri esker, Eusko Jaurlaritza sariaren deialdietan jardunbide egokiengatiko sari gehien jaso dituen gobernua da.


Galako buru izan da Johannes Krassnitzer, PNUD-ART garapenerako Nazio Batuen Programako koordinatzailea (lurralde-sareak antolatzeko ekimena). Saria banatzeko ekitaldia bideokonferentziaz egin da, eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du.


“Harro nago sari hau jasotzeaz; izan ere, nazioartean aintzatesten du pobreziaren aurkako borrokan diru-sarrerak bermatzeko errentaren alde egiten dugun apustua. Gure gizarte-ereduarekiko benetako babesa da”, esan du Beatriz Artolazabalek, saria jaso ondoren.


Covid-19a eta mundu-mailan sortutako osasun-krisia direla eta, pasa den martxoan ezin izan zen egin Eskualdeetako Jardunbie Egokien IV. Saria jasotzeko gala; Azore Uharteetan egitea aurreikusita zegoen.


Hala, gaur, Lehendakaritzan, arratsaldeko lauretan, sariak banatzeko bideokonferentzia izan da; bertan, Artolazabal sailburuaz gainera, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea, Marcos Muro Enpleguko sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia ere izan dira.


Aintzatespen hori ez da ordainsari ekonomikoa, baizik eta ORU Fogar-en jardunbide egokien bankuan argitaratzea eta, gainera, Sariaren antolatzaileek proiektu irabazleak zabaltzea, nazioartean aintzatespena izateko.


Hala, erreplikatu ahal izatea da helburua, alegia beste herrialde batzuentzat adibide eta/edo jardunbide egokien eredu gisa balio ahal izatea.

Erreplikagarritasun hori, bereziki, Nazio Batuen komunikazio-kanalen eta sareen bidez egiten da.


Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen gizarte-babeseko ereduaz gainera, honako ekimen hauek ere saritu dituzte: “Innovación social, una oportunidad para transformar los territorios”, Nariñoko Departamentuarena (Kolonbia); “SuperA Perú. Promoción de la Exportación Certificada de los Súper Alimentos Quinua y Castaña”, Andeetako Mankomunitatearena (Per); eta “Mercados amigos de la niñez y la adolescencia”, Santa Cruzeko Departamentuarena, Bolivia.

Informazio gehiago