Euskal ETEek 15 milioi eurotik gora eskura dezakete berrikuntzarako Europako laguntzen bidez

Argitalpen-data: 

SPRI Taldeak, Innobasque-k eta BEAZek antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira Eurostars eta Innowwide programek eskaintzen dituzten finantzaketa aukerak

Innowwide programa pilotu bat da, eta bere helburua da arriskuak murriztea EBtik kanpoko herrialde batean I+G-ko produktu bat garatzen hasi aurretik

Euskal enpresek, eta batik bat ETEek, gero eta maizago erabiltzen dituzte Europar Batasuneko funtsak finantzazio iturri bezala. SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak), Innobasque-k eta BEAZek jardunaldi bat antolatu dute astearte honetan Bilbon, non hizpide hartu baitituzte berrikuntza finantzatzeko bi tresna hauek: Eurostars programa eta Innowwide ekimen pilotua. Bi programen artean 15 milioi eurotik gorako laguntzak eskainiko dituzte aurten.

 

SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerak eman dio hasiera jardunaldiari, esanaz ekitaldiaren helburua dela, batetik, “euskal enpresei laguntzea Eurostars ekimenean ahalik eta baldintza onenetan parte hartzen” eta, bestetik, Innowwide programa berria aurkeztea.

 

Cobanerak azpimarratu du azken bost urteotan Eurostars programak 23 euskal enpresaren 18 proiektu finantzatu dituela, zeintzuek Estatuko Berrikuntza Agentziaren (CDTI) 5,5 milioi euroko finantzaketa jaso baitute.  Innowwide ekimenari buruz esan du programa pilotu bat dela, helburutzat duena ETE berritzaileak nazioarteko merkatuetan kokatzea.

 

Hain zuzen, bihar irekiko da aurtengo bigarren fasea, 4 milioi euroko aurrekontuarekin. Lehen fasean 50 proiektu finantzatu dira, horietatik 20 Espainiakoak.

 

CDTIko ekintza teknologikoko programen zuzendari Javier Cañizaresek aipatu du Innowwide “ez dela esportaziorako laguntza bat, baizik eta tresna bat enpresa berritzaileak kokapen abantailatsuan jartzeko nazioarteko merkatuetan. Tokiko bazkideak EBtik kanpoko herrialde batekoa izan behar du, eta ez Europakoa”. Ekimen horren bidez finantzatzen dira VAPS direlakoak, bideragarritasun tekniko eta komertzialaren arloko balorazio azterketak, hau da, I+G-ko proiektu bat garatzen hasi aurretik egin beharreko urratsa. Azterketa horiek definitzen dute negozio-eredu berritzailea.

 

Hala, programa honek murriztu egiten ditu atzerriko merkatuan I+G-ko produktu bat garatzen hasi aurreko arriskuak. Teknologia sortu aurreko fasea finantzatzen du.

 

Proiektu bakoitzak gutxienez 86.000 euroko aurrekontua izan behar du, eta laguntza 60.000 eurokoa da. Deialdia seguruenik asteazken honetan (urtarrilak 15) irekiko da, eta eskaerak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. “Gomendatzen dizuet lehenengo EBtik kanpoko herrialde bateko bazkidea bilatzea”.

 

SPRI Taldeko kide eta Enterprise Europe Network (EEN) sarearen (nazioarteko proiekzioa duten ETEei laguntza emateko munduko sare handiena) Euskadiko koordinatzaile Arturo Antonek hizpide hartu du erakunde horren lana: laguntza eskaintzen du nazioarteko bazkideak bilatzeko, berrikuntza babesten du eta aholkularitza ematen du nazioartean hazteko.

 

Óscar González Llamazares, CDTIko ebaluazio eta lankidetzako zuzendaria, Eurostars programaz mintzatu da eta esan du finantzaketa deszentralizatua duela, hau da, agentzia bakoitzak bere herrialdeko enpresak finantzatzen dituela. Ekimen horrek 45 herrialde barne hartzen ditu (EBko guztiak, Ipar Amerika, Hego Amerikako hainbat herrialde, Hegoafrika, Israel edo Turkia), helburutzat harturik “nazioarteko lankidetzako proiektuak bideratzea. 45 herrialde horietako agentziok sinkronizatu egiten ditugu gure finantzaketa-tresnak”.

 

Óscar Gonzálezen arabera, “arrakasta-tasa handia duen programa bat da, zehazki % 25ekoa”. Aurten, 11,2 milioi euroko aurrekontua du Espainiako enpresentzat.

 

Eureka programako idazkaritzako (Eurostars ekimena programa horren barruan dago) Project officer Gabriel Martinek laguntzak eskuratzeko irizpideak azaldu ditu, eta horien artean aipatu du ETEek beren gain hartu behar dutela aurrekontuaren % 50a.

 

Nerea Anacabe (Tecnalia-ko eta Eurostars programako aditu batzordeko kidea) proposamen lehiakor bat prestatzeko moduaz mintzatu da eta María Delgado (CDTIko kidea eta Eurostars programako Proyect Officer-a), berriz, onartutako proiektuen finantzaketaz, eta aipatu du zein garrantzitsua den atzerriko bazkidea ongi aukeratzea.

 

The Art of Discovery-ko zuzendari nagusi Iñigo Angulo Barturenek Eurostars programan izan duten arrakastaz hitz egin du. The Art of Discovery BIC Bizkaian dago kokatuta eta malariaren aurkako farmakoak ikertzen ditu. Holandako enpresa batekin bat egin zuten, produktu bakar bat eskaintzeko malariari aurka egiteko sortzen diren munduko estrategia guztientzat, eta gomendatu du komeni dela CDTIko profesionalen taldea kontsultatzea proposamena prestatzean. “Eurostars palanka paregabea da proiektu berriei ekiteko” esan du.

 

 

Informazio gehiago