Euskal enpresek aukera izango dute fabrikazio aurreratura bideratutako Europako berrikuntza-tresna berriak ezagutzeko

Argitalpen-data: 

Irailaren 22an jardunaldi telematiko bat egingo da Eusko Jaurlaritzak lideratutako Manumix programaren emaitzak azaltzeko. Ekimen horrek aztergai izan du lau urtez nola hobetu fabrikazio aurreratuaren arloko berrikuntza Euskadi, Lituania, Piamonte eta Galesen
Euskal enpresek urriaren 22an egingo den jardunaldi telematiko batean ezagutuko dituzte fabrikazio aurreratuaren arloko berrikuntza bultzatzeko Europako politika berriak. Onlineko ekitaldi horretan Europako Manumix proiektuaren emaitzak aurkeztuko dira. Eusko Jaurlaritzak lideratutako programa hori azken lau urteotan garatu da Euskadin, Lituanian, Piamonten eta Galesen, helburutzat harturik fabrikazio aurreratuaren sektoreko berrikuntza hobetzea.

Jardunaldiko (zabalik dago izena emateko epea) protagonista izango da Maurizio Gattiglio, Europan manufaktura-industriaren eraldaketa bultzatzen duen Manufuture-ES´s plataforma teknologikoko Goi-mailako Taldeko presidentea. Berak aurkeztuko ditu Europako industria suspertzeko giltzarriak eta Manumix proiektuaren nondik norakoak.

Europako programa horrek milioi bat euroko aurrekontua izan du, eta lantaldean elkarrekin aritu dira Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Galeseko gobernua eta Mosta eta Finpiemonte agentzia publikoak (Lituania eta Piamonteko gobernuen menpeko erakundeak).

Partzuergo horrek modu integratuan aztertu ditu industria adimendunaren arloko eskualde mailako ekimen publikoak, euren arteko elkarreragina hobetu eta bikoiztasunak saihesteko. Hala, hainbat hobekuntza inplementatu dituzte I+G+B sustatzeko programa garrantzitsu batzuetan. Zaintza sistema tradizionalez harago, analisi honen bidez azalera atera dira finantzaketa programa desberdinen arteko sinergiak eta gainjartzeak. Eta horrek aukera emango du etorkizunean inbertsioak hobeto diseinatu eta kudeatzeko, eta ondorioz, haien inpaktua handitzeko.

Programa hau, gainera, bereziki garrantzitsua da, fabrikazio adimendunera bideratutako inbertsioetan zentratzen delako. Fabrikazio adimendunak garapen potentzial handia du eta dagoeneko funtsezko elementu bilakatu da oro har Europako industrian eta bereziki Euskadikoan. Zehazki, Eustat-en 2018ko datuen arabera, % 21,1eko ekarpena egiten dio Euskadiko BPGari.

Gainera, 4.0 Industria da Eusko Jaurlaritzak diseinatutako espezializazio adimenduneko politikan (RIS3) nabarmendutako arlo interesgarrietako bat. Jaurlaritzak (Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez) aktiboki parte hartu du proiektu honetan, aukera emango diolako hobekuntzak abiarazteko berrikuntzari laguntzeko programetan eta bidea erraztuko duelako Euskadi sektoreko puntako eskualdeen artean kokatzeko.

Euskadin aplikatu diren hobekuntzak

Euskadin “Manumix Interreg Europe” proiektuari esker aplikatu diren hobekuntzen artean, aipatzekoak dira 2021-2030 aldirako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren monitorizazio-sistemetan egindakoak, Gauzatu Industria programetan eginikoak (industrian berrikuntzak sartzeko inbertsio programak) eta Hazitek programako proiektu estrategiko bereziak bultzatzeko egin direnak (biak SPRI Taldeak kudeatuak).

Programa honen bi faseetan zehar egin diren lanak eta haien emaitza zehatzak hilaren 22ko jardunaldian aurkeztuko dira, eta ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzatik.

 

 

Informazio gehiago