Euskadiko hiru erakundek turbina eolikoen osagai kritikoak hobetzeko proiektu batean parte hartu dute

Argitalpen-data: 

Ikerlan teknologia zentroa, Laulagun enpresa gipuzkoarra eta Energia Klusterra Innteresting (Innovative Future-Proof Testing Methods for Reliable Critical Components in Wind Turbines) proiektu europarrean parte hartzen duten hiru euskal erakundeak dira. Hiru urteko iraupena du proiektu honek, eta Europar Batasunaren finantziazioa du, ikerketa eta berrikuntzarako Horizon 2020 programaren bidez. 

Proiektu hau joan den urtarrilean hasi zen, turbina eoliko handienen osagai kritikoen fidagarritasuna frogatu ahal izateko ikerketa eta garapen-ildo berriekin,  neurri handiagoko eta kostu handiko proba-bankuak eraiki beharrik gabe. Innteresting metodoa saiakuntza fisikoak eta birtualak konbinatzean datza, turbinen hainbat osagai baliozkotzeko, hala nola pasoko kojineteak edo engranaje-kaxak.  

Innterestingek  Europako lidergoa indartu nahi du energia berriztagarrien arloan, potentzia-ahalmen handiagoa lortzeko eta merkaturatze-denbora bizkortzeko. Ekimenaren helburua, saiakuntza fisikoekin eta horiek dakartzaten kostu eta azpiegiturekin amaitzeaz gain, ingurumen-inpaktuak eta inpaktu ekonomikoak murriztea eta ondorioak beste osagai eta sektore batzuetara eraman ahal izatea da.  

Europako hiru herrialdetako zortzi bazkide biltzen dituen partzuergo batek osatzen du proiektua, eta Ikerlan da proiektuaren koordinatzailea. Laulagun, turbinentzako errodamendu handien arloan esperientzia handia duen enpresa, eta Energia Klusterra, simulazioen eta saiakuntzen arloan mundu mailako eragile nagusietako bat, proiektu honetako protagonista diren beste bi euskal erakundeak dira. Horiekin batera, Siemens Industry Software NV, Ku Leuven, Vito eta EnergyVille erakunde belgikarrak, Moventas finlandiarrak eta VTT ikerketa zentroa ari dira lanean. 

 

Informazio gehiago